Albisteak

Hasi da aurrekontu parte hartzaileen bozketa fasea

Zestoako Udalak 75.000 euro bideratuko ditu aurtengo aurrekontu parte hartzaileetara, eta atzo, osteguna, egin zen prozesuaren bigarren batzarra. Saioan herritarrek egindako proposamenak aurkeztu zituzten Mikel Arregi alkateak, Irati Peñagarikano udal teknikariak eta Juanjo Allur Siadeco elkarteko kideak.

35 herritarrek hartu dute parte prozesuan, eta 53 proposamen aurkeztu dira. Proposamen asko errepikatu egin dira, eta Udalak multzokatu egin ditu. Guztira 20 proposamen aztertu ditu erakundeak eta horietatik hamabi pasa dira bozketa fasera.

Herritarrek gaurtik hasi eta abenduaren 13ra bitartean izango dute botoa emateko aukera Zestoako Udalaren webgunean edo udaletxeko harrera bulegoan. Bozketan parte hartzeko ezinbestekoa izango da Zestoan erroldatuta egotea eta 16 urtetik gora izatea. Hamabi proiektutatik bi aukeratu beharko ditu herritar bakoitzak. Auzoen eta herrigunearen oreka mantentzeko asmoz, aukeratzen diren bi proposamenak ezin dira gune berdinekoak izan (Aizarna, Arroabea, Arroaerreka, herrigunea eta Ibañarrieta).

Aukeraketa  egin aurretik, 12 proiektuak zein diren aztertzea eskatu du Udalak, norbera  bizi  den auzoa  bakarrik kontuan hartu gabe: “Auzo guztietako herritarrek aurkeztu dituzten proposamenak baloratzea eskatzen da, eta  batean eta bestean dauden beharrak zein diren kontuan hartzea, udalerri osoko begirada  batetik”.

Hauek dira bozketa fasera pasa diren proposamenak:

1. Uztapide parkeko berrikuntza lanak (22.345,89€)

2. Zestoako erdigunean informazio panelak egokitzea, edozein tokitan jartzea sahiesteko (2.319,03€)

3. Zestoak Herri Eskolako HH 2-3 eraikineko parkeko berrikuntza lanak (18.288,91€)

4. Aizarnako plazako hormak berritzea (6.325,95€)

5. Aizarnako plazako galtzada harriak eta espaloia berritzea (23.342,91€)

6. Aizarnako pilotalekuan dauden bi lokaletan hezetasun arazoak konpontzeko aireztapena hobetzea (2.418,40€)

7. Aizarnako parkean jolas inklusiboak hartzeko egokitzapen lanak (11.970,83€)

8. Arroarrekan aparkalekutik autobus geltokira arte irisgarritasuna hobetzeko lanak (24.962,30€)

9. Arroabeko erabilera anitzeko Sakulupe parkean interbentzioari jarraipena ematea (8.974,45€)

10. Arroabeko parke publikoak berritzea (24.995,23€)

11. Ibañarrietako Gañetabidea hobetzea (4.210,80€)

12. Ibañarrietako argiteria hobetzea (4.210,80€)




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide