Albisteak

Hasi da Lili Jauregiko bisita antzeztuen denboraldia

Argazkia: Lili Jauregia

Lili Jauregiko bisita antzeztuak martxan dira gaurtik, hilaren 19tik, aurrera. Lilitarren Ohorea izenburupean, datu historikoetan oinarrituriko antzezpena da, ikerketa historikoetan oinarritutako gidoi landua duena. Andre Madalen da antzezpeneko protagonista, XVII. mendeko euskal emakumea eta lilitarren leinuko azken biztanlea. Bisitan zehar, bakarrizketa baten bidez, jauregia bera eta nortasun handiko euskal emakume baten bizipenak ezagutzeko aukera dute bisitariek.

Gaurtik abenduaren erdialdera arte luzatuko da denboraldia. Igande eta jaiegunetan, 11:30ean euskaraz eskainiko da bisita, eta 12:30ean, berriz, gaztelaniaz. Larunbatetan, 16:30ean eta 17:30ean izango dira saioak, biak gaztelaniaz. Talde bateko partaide izanez gero, ordea, programatutako ordutegitik kanpo saioak erreserbatzeko aukera dago.

Bisitetarako sarrerak aldez aurretik erostea gomendatzen dute antolatzaileek, plazak mugatuak baitira. Horretarako, beraien webgunean eros daitezke online, edo Ekainberriko Sarrera Salmenta Bulegoan.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide