Albisteak

Hasi du ikasturtea Barbantxo aisialdi taldeak

Arroabeanekin zioten Barbantxo aisialdi taldekoek ikasturte berriari pasa den ostiralean. Covid-19ak eragindako krisia dela eta, bertan behera gelditu ziren taldearen saio presentzialak eta apiriletik ekainera bitartean, online saioak eskaini zituzten herriko txikienentzat Danbolineko komunitateko txokoan.

Bihar, ostirala, Aizarnako eta herriguneko haurrekin izango dira Barbantxoko kideak, arratsaldeko 17:00etatik 18:00etara. Aizarnan, frontoian bilduko dira eta herrigunean, Kultur Etxeko atarian. Aizarnan eta Arroabean eskaintzen dituzten saioak 3 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzendutakoak dira, herrigunekoak berriz, 6 eta 9 urte bitartekoentzat.

Talde mugatuak

Ekintzak egungo egoerara moldatu behar izan dituzte. Saioak aire librean egiten direnean, gehienez 13 haurreko taldeak parte hartu ahal izango du. Barruan egiten badira, espazio bakoitzak duen edukierak mugatuko du parte hartzaile kopurua. Hori dela eta, Barbantxoko saioetan parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute 688 684 029 telefono zenbakian.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide