Albisteak

Hauek izango dira bihartik aurrera indarrean izango diren neurriak

LABI aholku batzordea bildu zen atzo arratsaldean. Pandemiaren joera oinarri hartuta, zenbait neurri malgutzea erabaki zuten. Gaur kaleratuko dute neurri horiek jasotzen dituen dekretua eta bihartik aurrera izango dira neurri horiek indarrean.

Hauek izango dira neurri horiek (Iturria: eitb.eus):

– ORDUTEGIAK: 24:00etan, establezimenduak ixtea eta kultura-, gizarte- eta merkataritza-jarduerak etetea.

– OSTALARITZA: 24:00etan itxiko da. Barneko edukiera % 50ekoa izango da. Debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea. Mahai bakoitzean, gehienez 4 pertsona. Nahitaezkoa da maskara erabiltzea, irensteko unean izan ezik.

– GAUEKO AISIA: Gaueko aisialdirako establezimenduek eta lokalek itxita jarraitzen dute.

– BOTILOIAK: Debekatuta dago alkohola kontsumitzea kalean, esparru publikoan, kale-edanean edo “ez jaiak” gisako bileretan.

– GAZTETXEAK: Gizarte- eta kultura-jarduerak egiteko administrazio-baimena duten lokalek jarduera horiek egin ahal izango dituzte, gehienez ere % 50eko edukierarekin, eta jarduerak 24:00etan amaituko dira. Pertsonen segurtasuna mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, eta maskara nahitaez erabili beharko da. Beharrezko baimena ez duten lokalak gazteen eta antzekoen lonjen kapituluan sartzen dira, eta, beraz, itxita egongo dira.

– AISIALDIKO JARDUERAK: Aisialdiko taldeak gehienez 10 lagunekoak izango dira, betiere egonkorrak direla bermatzen bada.

– ELKARTE GASTRONOMIKOAK: Elkarte gastronomikoak, txokoak, lonjak eta antzekoak itxita egongo dira.

– MERKATARITZAKO EDUKIERAK: 150 m² baino gehiagoko establezimenduetan, % 40ekoa; eta 150 m² arte, % 60koa. Azoka txikietan, baimendutako postuen % 50 egon ahal izango dira.

– JOKO-LOKALAK: Itxiera 24:00etan. % 50eko edukiera.

– KULTU-LEKUAK: % 35eko edukiera. Beilatoki eta ehorzketetan: aire zabalean, 30 pertsona gehienez, eta leku itxietan, 6 gehienez.

– KIROL-INSTALAZIOAK: % 50eko edukiera. Aldageletan, % 35eko edukiera. Ikuslerik ez kirol-ekitaldietan.

– KIROLA EGITEA: Aire zabalean ez da pertsona-mugarik egongo, baina, barnealdean, gehienez 6 bildu ahal izango dira. Eskola-kirolari begira, entrenamenduak izango dira, baina ezingo dira aldagelak erabili. Maskara nahitaez erabili behar da, lehiaketetan eta kanpoan egiten den jarduera fisiko bizietan izan ezik.

– HONDARTZAK ETA IGERILEKUAK: Bainatu bitartean eta espazio jakin batean geldi egon bitartean, ez da beharrezkoa izango musukoa erabiltzea, betiere erabiltzaileen arteko 1,5 metroko distantzia errespetatu badaiteke. Joan-etorriak egiteko maskara erabili beharko da nahitaez. Pertsona-taldeak ezingo dira lau baino gehiagokoak izan, eta beti errespetatu beharko dute taldeen arteko distantzia.

– MUGIKORTASUNA ETA BILERAK: Maiatzaren 9tik aurrera, behin alarma egoera amaitu zela, bertan behera geratu ziren itxiera perimetralak, etxeratzeko agindua eta biltzeko pertsona-mugak.

– GARRAIO PUBLIKOA: Garraio publikoaren irteera-ordutegia gaueko 12:00ak arte luzatu ahalko da.

– OINARRIZKO NEURRIAK: Maskara erabiltzea, pertsonen artean 1,5 metroko distantzia eta barneko espazioen etengabeko aireztapena. Saihestu pilaketak. Gaueko eta beharrezkoa ez den mugikortasuna mugatzea gomendatzen da, eta 4 pertsona baino gehiagoko bilkurak saihestea.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide