Albisteak

[ELKARRIZKETA] Heiko Mateos: “Lagun asko ditut mundu honetan eta niretzat hori da onena”

Maiatzean beteko ditu 17 urte Heiko Mateos arroarrak. Txikitatik dabil bizikleta gainean baina duela zazpi urte sartu zen Zumaiako Viveros San Anton-Mardu taldean, alebinen bigarren mailan.

Zazpi urte daramatzazu taldean.
Bai, alebin kategorian hasi nintzen eta orain jubenilen lehenengo mailan nabil.

Hilabete asko eta gero, berriz ekin diezue lasterketei.
Pandemia dela eta, hilabete askotan zehar geldirik egon gara. Otsailean hasi ginen berriz lehiatzen.

Ziklokroseko zenbait lasterketa ere egin dituzu.
Bi modalitateak gustatzen zaizkit. Kadete mailako lehenengo urtean ziklokrosean lehiatzen hasi nintzen eta orain arte bietan ibili naiz, asko gustatu zitzaidan esperientzia. Espainiako txapelketan ere izan nintzen Gipuzkoako taldearekin.

Zenbat entrenamendu egiten dituzue astean?
Lasterketak kontuan hartuta, bost entrenamendu egiten ditugu. Gehienetan errepideko bizikletarekin entrenatzen dut. Ziklokros garaian entrenamendu bereziak egiten ditugu bizikleta mota horrekin baina bestela, betikoarekin.

Nola izaten dira lasterketak?
Nire mailan 60 eta 90 kilometro bitarteko ibilbideak egiten ditugu, errepidean. Kategoria bakoitzeko txirrindulariak bere mailakoekin irteten gara. Normalean, 120 txirrindularitik gora izaten gara. Aste honetan adibidez, 120 ginen baina 53k bakarrik amaitu zuten karrera, oso oso azkarra izan zelako.

Covid-19ak eragina izango zuen ba zuenean ere.
Bai eta asko. Niri behintzat asko eragin dit. Konfinamendu garaian etxean behintzat zerbait egiten genuen baina irtendakoan, askotan, ezin genuen gure herri eremutik irten entrenatzeko. Horrek motibazioa galarazi zidan baina orain, gogotsu nago berriz.

Hain gaztetatik errepidean bizikletarekin ibiltzeak errespetua ematen al du?
Bai. Uste dut txirrindulariok ez gaituztela errespetatzen errepidean goazenean. Momentu batzuetan beldurra pasatzen duzu. Sustoak izan ditut, behin baino gehiagotan kotxeren batek ukitu nauenean.

Zer da txirrindularitzak duen onena?
Lagun asko ditut mundu honetan eta niretzat hori da onena, beraiekin denbora pasatzea. Lagunarteko giro hori asko gustatzen zait. Eta gainera, osasuntsu egoteko balio dit.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide