Albisteak

Herri Azoka Guztion Zestoaranzko urratsa

Maiatzaren 21ean ospatu zen Zestoako Herri Azoka. ekimenaren antolatzaileek honako ohar hau kaleratu dute herritarrei esker ona adierazteko:

Herri Azokako egitarauaren barruan antolatutako ekintzetan modu batean edo bestean parte hartu zenuten zestoar guztientzat esker hitzak besterik ez ditugu. Herritar kopuru izugarria inplikatu da Herri Azokan; antolaketa orokorrean, eragile bakoitzaren dinamiken prestaketan, gaztetxoen ekintzetan,  2. eskuko azokarako arropa eta tresna bilketan, muntaketan, desmuntaketan, batukadan, luntxean, kontzertuetan edo egunean bertan parte hartzera gerturatu direnak. Guztiok osatu dugu Herri Azoka, eta egun batez Guztion Zestoa eraiki dugu behin eta berriz aipatutako elkartasuna, parekidetasuna, aniztasuna edo duintasuna bezalako baloreak erdigunean jarriz.

Aurreratu bezala, ateratako dirua beharrik gehien duten zestoarrentzat lanean ari den Elikagai Bankura bideratuko da. 1.700€-ko irabazia atera da guztion ekarpenari esker.

Pilak kargatuta atera gara azokatik. Inor bazterrean uzten ez duen herrian sinesten baitugu.  Emandako urratsa balioan jartzearekin, elkarren artean lehen harria jarri dugun sentsazioarekin gaude; baina orain lan handia dugu aurretik.

Gurea herria txikia izanik, elkarlanean emaitza hobeak lortzen ditugula sinetsita gaude. Eskerrik asko berriz ere Herri Azoka posible egin zenuten guztiei. Guztion Zestoarako bidean topo egingo dugu!

Herri Azokako zenbait antolatzaileren izenean



Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide