Albisteak

Herri Krosaren 46. edizioa, ate joka

San Jose egunaren bueltako usadioari hutsik egin gabe, igande honetan, hilaren 15ean izango da Zestoako 46. Herri Krosa, Iñaki Iruretaren oroimenezkoa. Zestoako Atletismo Taldeak Udalarekin elkarlanean antolatutako probak atletismoaren bueltan festa giroa ekarriko du aurten ere goizean zehar kaleetara, haur zein helduentzako lasterketekin.

10:00etan hasiko dira lasterketak. Aurrenekoak herri erdigunean egingo dira, txikienei zuzenduta. 10:15etik aurrera, berriz, benjaminen, alebinen eta infantilen txanda iritsiko da; hauek ibilbide desberdinak izango dituzte, adinaren arabera.

Lasterketa nagusia 11:30ean hasiko da, eta hor lehiatuko dira kadeteetatik gorako maila guztietako korrikalariak. Aurtengoan ere, bi ibilbide izango dira aukeran; lasterketa luzea (8.630 metro, zirkuituari hiru bira) eta laburra (2.770 metro, bira bakarra). Distantzia bakoitzean, sailkapeneko lehen hiru mutilek eta neskek nahiz aurreneko zestoarrek jasoko dituzte sariak.

Nagusien lasterketetan parte hartu nahi dutenek izen-ematea herrikrosa.eus webgunean egin dezakete. 10 euro ordaindu beharko dute izena ematerakoan, kadeteek izan ezik; horien izen ematea doan da.

Antolatzaileek herritar guztiak animatu nahi dituzte parte hartzera, lasterketak garai bateko arrakasta berreskura dezan. Horrez gain, proba aurrera eramaten laguntzen duten herriko enpresa, denda eta elkarteei eskerrak eman nahi izan dizkiete.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide