Albisteak

Herriko gaztetxoek iraileko festetarako ekintzak aukeratu dituzte

Aurten bigarren aldiz, Zestoako amabirjin jaietan antolatuko diren haur eta gaztetxoentzako ekintzak, 4-12 urte bitartekoen iritzia kontuan hartuta antolatuko dira, Zestoa Herri Hezitzailea lan-taldearen ekimenez.

Ostegun honetan, ekainak 22, ospatu da haur eta gaztetxoen festetako batzarra. 52 haurrek parte hartu dute. Bertan, haurrei festetarako ekintzen aukera ezberdinak eman zaizkie, kolore bakoitzeko aukera bat egin behar zuten. Hona emaitzak:

GORRIA

  • Puzgarriak: barredora+donuts+martetarra (0 boto)
  • Puzgarriak: paintball-laser+krokodiloa+mantangorria (43 boto)
  • Puzgarriak: bumpers+ludoteka+lago-park (10 boto)

LARANJA

  • Kale-antzerkia+apar-festa (17 boto)
  • Zumba+apar-festa (34 boto)

BERDEA

  • Olinpiada originalak+umeen gunea (30 boto)
  • Eskulanak+umeen gunea (5 boto)
  • Globoen gerra+umeen gunea (14 boto)
  • Esperimentuak+umeen gunea (3 boto)

Beraz, aurtengo amabirjinetan haurrentzako antolatuko diren ekintzak honakoak izango dira:

  • Puzgarriak: paintball-laser+krokodiloa+mantangorria
  • Zumba+apar-festa
  • Olinpiada originalak+umeen gunea

Horietaz gain, umeen bazkaria egongo da, buruhandiak, zezen bolaztatuak, txaranga, poniak, umeen udalbatzarra…

Zestoa Herri Hezitzailea lan-taldea herri eskolako eta udaleko ordezkariez gain, Ekain Guraso Elkarteak eta beste hainbat herritarrek osatzen dute. Eta talde horren helburuak honakoak dira:

  • Haurren kultura aitortzea, jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berezko tresnatzat dituena.
  • Haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea.
  • Eurek erabakitako aisia hezitzaile eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta kulturala zainduz, komunitate sarea eta auzolana indartzea.
  • Pertsona arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea.



Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide