Albisteak

“Herriko Plazan elkartu zaigu musikaren historia”

Ikuskizun bikaina izan zen igande arratsaldean Zestoako Plazan, 2016ko Zestoako Txistulari alardea. “Honen helburua zestoarrei aupada bat ematea da. Erakutsi nahi dugu herrian badagoela gaia, sormena eta fundamentua kultur ekitaldiak antolatzeko” zioen Jon Artano aurkezleak, Idiakaitz Txistulari Taldekoen adierazpenak oholtzara eramanaz. Zorionak Idiakaitz Txistulari Taldeari eta Garaikoitz Mendizabal alardeko zuzendariari, helburua bete baitute.

Eguraldia lagun, Zestoako Plaza bete egin zen Txistulari Alardea ikusteko. 50 bat txistularik, Zumaiako San Pedro abesbatzak, Metal Boskoteak, Niko Etxartek, Gorka Sarriegik, Karmelo Mendizabal akordeoi-jotzaileak, Eider Iraola eta Aizpea Aristi abeslariek, Aitor Salegi bertsolariak, Elgoibarko dultzaineroek, Zestoako Itxaropena dantza taldeak, IƱaki Telleria bateria-jotzaileak eta Amaiur Caravajille baxu-jotzaileak hartu zuten parte alardean, besteak beste.

Guztia batuta, ikuskizun bikaina, ikuskizun mundiala izan zen Zestoako Plazan. Aitor Salegi bertsolari zestoarrak bikain azaldu zuen bertsoz: Bai Niko Etxart bai Sarriegi / Herritarrak asko dira / Eta hau lan baten ondorio da / Gaurkoa ez da zoria / Herriko Plazan elkartu zaigu musikaren historia.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide