Albisteak

Herriko sei odol emaileri aitortza egin diete

Zestoako sei odol emaileri aitortza egin diete gaur eguerdian udaletxeko areto nagusian. Omenduetako hiruk 25 aldiz eman dute odola, batek 40 aldiz, bik 50 aldiz, eta batek 75 aldiz. Urko Canseco, Carlos Etxeberria, Ane Iruretagoiena, Idoia Errasti, Esteban Martin eta Xabier Etxabek jaso dute Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartearen eta Zestoako Udalaren aitortza.

Ekitaldiaren hasiera, Mikel Arregi Ertxin alkateak hartu du hitza eta odol emaileen elkarteak egiten duen lana goraipatu du. Ondoren, Nerea Ayastui elkarteko kideak idatzi bat irakurri du. Aurten, Gipuzkoako 496 odol emaileri egin dietela aitortza esan du eta guztien artean, 23.305 aldiz eman dutela odola: “Emaile horiei esker, milaka bihotzek taupadaka jarraitzen dute Gipuzkoan”. Emaileei eskerrak emateaz gain, Zestoako Udalari ere eskerrak eman dizkio, urtean zehar egiten dituzte ateraldietan emandako laguntzagatik.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide