Albisteak

Herritar ugari bildu da Martxoaren 8ko mobilizazioetan

Herritar ugari bildu dira gaur arratsalderako deituta zeuden mobilizazioetan. 18:30ean, Urola Erdiko Itaiak deituta, elkarretaratzea izan da plazan Emakume langileok askatzeko, sozialismoa eraiki lelopean.  Hala nola, emakumeen lan baldintzen okertzea eta hipersexualizazioaren eta indarkeria matxistaren normalizazioa salatu dituzte. Horrez gain, alderdi politikoek feminismoarekiko duten jarrera ere salatu dute. “Gero eta argiago daukagu emakume langilea askatzeko aukera bakarra estatu sozialista eraikitzea dela, guztiok bizi baldintza berak izango ditugun eta aberastasunaren fruituak denon eskura izango diren errealitatea, hain zuzen ere. Bide horretan, komunismoaren eraikuntza helburu duen antolakuntza politikoa gorpuztu behar dugu; zapalkuntza guztien aurka borrokatuz eta antolatuz. Emakumeok borroka horrekin bat egitea gure betebeharra da” azaldu dute.

19:00etan, berriz, Bargaztak, 3Z eta Zestoako Emakumeak taldeek deituta, manifestazioa izan da plazatik abiatuta Feminismoaren hariaz emakumeon sarea ehuntzen jarrai dezagun lemapean. Manifestazioaren amaieran, plazan egin dute ekitaldia. 3Z-ko kideek bizi kalitate handiarekin bizitzea ahalbidetzen duten neurrien alde borrokatzea, pentsio duinen aldeko borroka eta zaintza eskubidea bermatzea eskatu dituzte.  Bargaztako kideek, berriz, gaurko eguna “emakumeon aliantza” ospatzeko eguna dela aipatu dute: “Mundu osoko emakumeen basatasunak lortu zituen gu guztion garaipenak eta egun ditugun eskubideak. Emakume ekintzaile, sufragista eta sindikalisten genealogia luzea dugu aurretik. Eta gogor borrokatu zuten arren, badakigu ez dela nahikoa: asko dago egiteko eta guk borrokatzen jarraitzen dugu”.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide