Herritarrei zuzendutako idatzi hau jaso dugu

Kaixo herritar!

Udalak hondakinen bilketa-sistema aldatzeko hartutako erabakiarekin kezkatuta, herritar talde bat biltzen hasi ginen duela hiruzpalau aste. Sinadura-bilketa bat egiten ere hasi ginen eta dagoeneko sinadura asko bildu dugu.

Gutun honen bidez gure asmoen berri eman nahi dizuegu. Zuen sinadurekin eta babesarekin emango ditugun pauso guztiak jakinaraziko dizkizuegu, herritar guztion kontua baita esku artean daukaguna.

  • Ez dugu inoren etsai izan nahi, BIDELAGUN baizik. Ez dugu liskarrik nahi, ADOSTASUNA bilatu baizik.
  • Garbi utzi nahi dugu bilerak egiten eta sinadurak biltzen ari garen taldea ez dela alderdi politiko baten izenean elkartzen. Kontu horrekin arduratuta gauden herritar talde bat gara, besterik ez.
  • Herri honetan ondo funtzionatu duten kontuak eta eraginkorrak izan direnak alderdikeriak gainditu eta herritar guztion interesak ase dituztenak izan dira, guztion adostasuna lortu dutelako, besteak beste.
  • Elkarrizketaren beharraz ari gara. Aldaketak, egitekotan, adostasunez, arduraz, eta daukaguna hobetzeko bermeaz egiteaz.

Hori guztia kontuan izanda, Zestoako Udalean ordezkaritza duten bi alderdiei bilera egiteko deialdia luzatu diegu. Izan ere, hondakinen bilketan emandako aurrerapauso guztiak babestu nahi ditugu, baina sinadura-bilketa honako edo halako alderdi politikori kalte edo mesede egiteko erabili gabe. Gure helburua da gaur egungo hondakinak biltzeko sistemak martxan jarraitzea, eta aldaketak, egitekotan, arduraz eta sistema hobetzeko bermeaz egitea. Daukagun sistema erosoa delako, garbia delako, adostutakoa delako, emaitza onak ematen dituelako, ohitu egin garelako eta gustuko dugulako, ONDO EGITEN JARRAITU NAHI DUGU!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide