Paperekoa

Herritarren mendi bidaiak, esperientzia partekatuak

Hil honetan, Agiro Mendi Taldeak, mendi astea dela-eta hainbat ekintza antolatu ditu: mendi bidaien inguruko hiru hitzaldi, haurrentzako eskalada tailerra eta Beñat-Benantxio ibilaldi neurtua. Mendian ibili diren hainbat herritarrek beren esperientziak beste herritar batzuekin partekatu dituzte. Hitzaldietara joan ez denarentzat, inor penetan gera ez dadin, bidai horien nondik norakoak azaltzeko eskatu diegu hizlariei.

Urtzi Zelaia eta Koldo Ruiz, Bolivian, 6.000 metrotan

Urtzi Zelaia eta Koldo Ruiz Bolivian izan ziren aurtengo maiatzean, hamabi eguneko bidaia egin zuten. Aukeran, motz geratu zitzaiela diote baina ondo aprobetxatu zuten denbora: sei gailurretara igo ziren, tartean 6.000 metro altuerako bat.

Kontaiguzue bidaia labur-labur

Hegazkinez egin genuen, Madril-Cochabamba-La Paz. Hiru zonaldetan ibili ginen. Iritsi eta La Pazetik Chacaltayara (5.395m) joan ginen. Eski estazio bat da, ia bertaraino kotxean igo ginen, baina pare bat ordu oinez egin genituen, bertako girora egokitzeko. Handik La Pazera jaitsi eta Condoriri zonaldera abiatu ginen. Zonalde hartan lau gailur egin genituen: Miradores (5.200m), Austria (5.300m), Tarija (5.300m) eta Alpamayo Chico (5.400m). Condorinin ibili ginen egunetan, gaua mendiko txabolatan egiten genuen. Lau gailurrak igota, La Pazera jaitsi, bertan gaua pasa eta Huayna Potosira abiatu ginen. Egun bat bertan ibili ginen, hurrengo egunean goiko kanpamentura igo ginen eta, goizaldera, gailurrera (6.000m) abiatu ginen. Hurrengo eguna La Pazen pasa genuen.

Orduan La Pazetik mugitu zineten?

La Paz basea izan da. Kotxean mugitzen ginen gune edo mendi batera eta berriro La Pazera jaisten ginen. Gu ibili ginen zonaldeetatik bi ordura dago La Paz. La Pazeko El Alto 4.000 metrora dago. Lehen errepide zaharrak zeuden baina orain, Evo Moralesekin, kabinak jarri dituzte. Beraientzat oso garestiak dira erabiltzeko baina guretzat oso merkeak.

Biok joan al zineten?

Urtzi: Koldoren lagun zarauztar bat ere, Bittor, gurekin etorri zen.

Nolatan Boliviara?

Koldo: Bittorrek dauzka agian kulpa denak. 6.000ko bat egin behar genuela eta egin behar genuela, buruan horrekin zebilen eta Boliviara animatu ginen. Gero, Urtzi libre zegoela eta animatuko zela, eta noski, guk baietz.

Zuen kasa ibili al zineten?

Hango agentzia batekin ibili ginen. Ia dena lotuta joan ginen: egun gutxitarako joan ginenez, dena lotuta edukitzea komeni zen, denbora ahal zen ondoen aprobetxatzeko. Bertako gidari batekin ibili ginen. Bere anaia eta emaztea ere elkartu zitzaizkigun. Hirurak aimarak ziren, bertakoak.

Gidariaren emaztea ere zuekin ibili al zen?

Koldo: Bai, hala da. Ni lehenago ere ibilita nago horrelako mendietan baina sekula ez nuen emakumerik ikusi horrela. Lehenengo aldia izan zen baina bidaia hartan ikusi genituen gehiago. Sukaldari lanetan ibili zen, txabolan geratzen zen. Oso lotsatuta, burua makurtuta, beti berrehun metro atzetik ibiltzen zen. Bukaerarako gerturatu ginen. Zapatatxo batzuekin igotzen zen, ilekorda luze-luzearekin eta zortzi bat gona elkarren gainean jantzita. Emakumeek bertako arropa tradizionala mantendu egiten dute, gizonezkoek ez.

Aipatu dituzuen txabolak, turistentzako dira?

Hasiera batean zertarako eraiki ziren ez dakigu baina orain txabola haiek mendian dabiltzan jendearentzako moldatuta daude. Bailarako familiek eramaten dute txabolen ardura. Astero familia batek, txandaka. Gero irabaziak banatu egingo dituzte.

Horrelako bidaia bat egiten zenuten lehenengo aldia al zen?

Urtzi: Nik bai, Koldok asko egin ditu. Berme bat izan da horrelako esperientzia duen pertsona batekin joatea.

Nolako parajeekin egin zenuten topo?

Hura oso lehorra da. Abioitik ikusten zen La Paz aldapan egindako hiri bat dela. Gero goi-lautada bat dauka, El Alto. Eta gero mendi tontorretan elurra. Lakuak-eta daude; Titikaka ezaguna, esaterako, urrutira ikusi genuen. Tenperatura oso goxoa, eguzkiak irteten zuenean asko gozatzen zuen. Eguraldi oso ona egin zigun.

Konta iezaguzue zuek han pasatako egun bat

Egun denak ez dira berdinak izan. Gailurrera igotzeko egunek gaueko ordu txikietan mugitzea eskatzen zuten. Besteetan esnatu, gosaldu ondo eta mendira. Hasieran oso lasai ibili ginen. Erritmoa jartzerakoan, gidariak bista ona zeukan eta erritmoa neurtzen ibili ginen. Goian ere lasai, goxo egoten ginen, denbora-pasa. Bazkalondorena arte-edo ibiltzen ginen oinez. Bueltan bazkaldu, eta arratsaldea lasai. Bertara egokitzeko, aklimatatzeko, egun osoa zegoenez, lasai ibiltzen ginen, 6-7 ordu ibiltzen ginen oinez guztira. La Pazen, berriz, hiria ikusteko aprobetxatzen genuen.

Gauza asko egongo da ikusteko?

Inguru ederrak, lakuak… Txabola alboan, laku dezente bat zegoen mendiz inguratuta. Bertakoek gauero sarea botatzen zuten eta gero goizean jaso. Ikusgarria zen nola moldatzen ziren. Lau lagun txalupan, batek arraunean egiten zuen beste bik sarea zabaltzen zuten eta laugarrena txalupatik ura ateratzen ibiltzen zen. Ikusgarria, xelebre samarra, sarea korapilatuta… arrantza handirik ez zutela egingo pentsatzen genuen baina egunero amuarrainak jan genituen.

Eta La Pazen?

Kultura ezberdina. Goizean azoka handi-handi bat egoten da, “El mercado de las mañaneras”, joan eta joan eta ez da bukatzen. Produktuak saltzeaz aparte, jateko aukera ere egoten da. Bertako azokak dira baina aldi berean kanpotik datozen pertsonentzat ere bideratzen dituzte: erosketak egin eta bertakoekin hitz egiteko, eta hitz egiten genuen. Oso jatorrak eta legalak dira. Beraien artean aimara hizkuntza hitz egiten dute baina gazteleraz komunikatzen ginen.

Bitxikeriarik?

Oso sinestunak dira, zerbait edaterakoan, lehenengo tragoa lurrera botatzen dute “para la pachamama” esanez, Amalurrari botatzen diote. Azken egunean, La Pazen jatetxe batean jan genuen gidariarekin. Dotorea zen lekua eta jende ugari zegoen. Han behintzat tragoa lurrera ez zuela botako uste genuen baina lasai bota zuen (kar-kar-kar!)

Andoni Zulaika, Nepaleko altxor ezkutuan

Andoni Zulaika abuztuaren 8tik 20ra Nepalen ibili zen, Mustang trekkinga egin zuen. Mustang Nepal eta Tibeteko mugan aurkitzen da. Mendizale askoren moduan, beti izan du Nepal buruan Andonik. Aurten, nahiz eta abuztua ez izan garairik egokiena, animatu egin zen.

Nolatan Nepalera?

Leku bat baino gehiago nituen buruan, Kanada, Iran… Horrela nenbilela, Mikel Irurek animatu ninduen Nepalera joatera. Buruan sartu zidan, begira hasi nintzen eta nire aurrekontura egokitzen zen bidaia bat topatu eta aurrera egin nuen. Uste dut mendian ibiltzen garen denok daukagula buruan Nepal. “Zergatik ez ba? Urteak aurrera doaz, egin eta bakea”, pentsatu nuen.

Zeure kasa antolatu al zenuen bidaia?

Agentzia batekin jarri nintzen harremanetan. Aurreko urtean ere agentzia horrekin bidaia bat egin nuen eta oso gustura ibili nintzen; beraz, aurten errepikatzea erabaki nuen. “Y por qué no solo?” du izena agentziak. Madrileko bidaia-agentzia bat da, baldintza bakarra ipintzen du bidaiara joateko: bakarrik joatea. Gero beraiek egiten dute taldea eta bidaia guztia lotzen dute. Teorian denok bakarrik joaten gara, denok egoera berdinean. Bi madrildar, hiru kataluniar eta ni elkartu ginen.

Mustangen izan zinen, ezta?

Bai. Nepal abuztuan joateko ez da leku egokia, montzoi garaia izaten baita, baina Mustang oso zonalde lehorra da. Abuztuan, mendi handiak lainopean egoten dira. Gutxi ikusten genituen, eta alde horretatik pena izan zen. Inguru lehorra da baina goian elurtutako mendi izugarriak dituztenez, ur dena kanalizatuta dute. Herri bat bistatzen genuenean oasi bat zirudien, herria zegoen lekua berde-berdea zen, ura bertara bideratuta, baratzak eginda dituzte… Tenperatura ona izan genuen, manga motzean egun askotan ibili ginen.

Nolakoa izan zen trekkinga?

Trekking lasaia, eramangarria izan zen, edozeinek egin dezakeena. Hamaika eguneko trekkinga egin genuen, Jomsometik (2.700m) iparraldera, Lo Manthangera (3.750m) eta gero buelta. 15-20 kilometroko etapak egiten genituen bataz beste. Goizean gosalduta irteten ginen. Eguerdian herrixkaren batera iritsi eta te bat-edo hartzen genuen bertakoekin. Arratsaldean, hurrengo herrira iristen ginen, bertan trasteak eta antolatu, afaldu eta lotara. Egun denak antzekoak izan ziren.

Laguntzaileekin ibiliko zineten ba?

Bi gidarirekin ibili ginen. Nagusia aurretik joaten zen eta laguntzailea atzetik, norbait atzean geratzen bazen ere. Petatea eramateko esan ziguten eta kezka geneukan, ez genuen pertsona bat karga-karga eginda gure alboan joaterik nahi. Hiru baino gutxiagoren trasteak garraiatzaileek beraiek eramaten dituzte. Hirutik gora, aukera daukate zaldia edo mandoa erabiltzeko. Gu zaldiarekin eta zaldizainarekin ibili ginen.

Nola komunikatzen zineten bertakoekin?

Ingelesa zein garrantzitsua den konturatzen zara horrelakoetan. Bertako batzuk moldatzen dira ingelesez eta hala komunikatzen ginen. Nik, tamalez, ez dut ingeles askorik egiten eta batzuetan aparte geratzen nintzen baina gero besteek azaltzen zidaten.

Kultura berri bat ezagutzeko aukera izan zenuten ezta?

Madrildik trekkinga hasi behar genuen lekura iristeko, bidaia luzea eta astuna izan zen. Baina dena zen berria, interesgarria. Istanbulen geldialdia egin genuen eta hura ere ederra izan zen, telebistari bezala denei begira, dena ezberdina, dena berria…

Bitxikeriarik?

Katmandun, azken egunean hiria ezagutzeko aukera izan genuen. Turismo pixka bat egin genuen, tartean, Tximinoen tenplua izenez ezagutzen den monasterio budista batera joan ginen. Pixka bat beldurrarekin, tximinoak tximinoak dira… Jende asko zegoen baina tximino bakarra ikusi genuen! (kar-kar-kar!)

Aizarnarrak eta zestoarrak Nepalera, bisitan

Aizarnako, Zestoako, Zumaiako, Hernialdeko eta Iruñeko bederatzi lagun ere Nepalen ibili dira urriaren 3tik 26ra bitartean. Aizarnatik, Pello Arrue, Arantxa Gurrutxaga, Migel Anjel Uzkudun eta Maripaz Ugarte. Zestoatik, Axun Ugarte. Zumaiatik Maritxu Etxabe eta Hernialdetik Izaskun Arana. Pumoriko istripuan hil zen Cesar Nietoren anaia eta bere laguna Blanca ere beraiekin joan dira; anaia hil zen lurretara lehengo aldiz joan dira. Axun eta Maripaz ere lehenengo aldiz joan dira paraje haietara. Besteak, lehenago ere ibiliak dira Nepalen. Aizarnan elkartu gara, Arantxa, Mari Paz, Axun eta Migel Anjelekin.

Azaldu iezaguzue bidaia labur-labur

Bilbon hartu genuen hegazkina eta Bilbo-Madril-Doha (Qatar)-Katmandu ibilbidea egin genuen. Gauean iritsi ginen Katmandura. Esnatu eta Luklara igo ginen, 35 minutuko hegaldi batean, hegazkin txiki batean. Trekking bat egin genuen Pumoriko kanpamentu baseraino eta berriro buelta.

Nolatan Nepalera?

Arantxa: Beñat semea, orain dela 15 urte, Pumoriko magalean han geratu zen istripu baten ondorioz. Ezbeharra gertatu eta urte betera Benantxio Iruretak gazteei bisita egitera zihoala esan zigun eta gu ere animatu egin ginen. Ordutik hiru urtetik behin-edo bisita egitera joaten gara.

Maripaz: Aizarnara bizitzera etorri nintzenean hauekin (Arantxarekin eta Pellorekin) harremana egin nuen eta orduan Nepalerako bidaia preparatzen ari ziren. Gogoa sartu zitzaidan baina orain dela hiru urte ez nintzen animatu; asko ibili gabe nengoen, beraiek biak bakarrik zihoazen… Baina aurten bai.

Axun: Ahizpak animatu ninduen, niretzako izugarrizko aukera zela ikusi nuen, bestela ez nuela inoiz egingo. Hasieran ezezkoa esan nuen, denbora gutxi zegoela prestatzeko. Behin erabakita, ordea, asko ibili gara mendian aurtengo udan.

Migel Anjel: Gustatzen zaidalako, leku ederra da. 2010ean joan nintzen lehengo aldiz, orduan Benantxiok animatu ninduen, aurtengoa bigarren aldia da. Parajeak ederrak dira, baina bertakoak dira ederragoak.

Trekking gogorra al da?

Erraz ibili gara, aurrez ibiltzea, preparatzea, eskatzen du. Zenbat eta gehiago ibili, gehiago preziatzen duzu bidaia, lekua. Bideak ondo prestatuta daude, arrisku handirik gabe. Bataz beste, bospasei orduko etapak-edo egiten genituen. Guk lasai-lasai egin dugu, denak parekoak joan gara eta erritmo ona hartu dugu eta etapa oso ondo bukatzen genuen. Pellok jartzen zuen erritmoa, gidariek gelditzea gomendatzen zutenean, zerbait jan, ura edan, deskantsatu eta berriro martxan. Goizetan seietan jaikitzen ginen, zazpietarako gosaldu eta oinez hasten ginen. Eguneko helmugara bazkalordurako-edo iristen ginen. Arratsaldean deskantsatu, kartetan ibili, herrixka ikusi… eta zortzietarako denok lotara.

Normalean, Arantxa, Beñatez aparte beste pertsona berezi bat ere bisitatzen duzue ezta?

Bai, guretzako oso berezia den neskato bat bizi da Nepalen. Argazki baten bidez ezagutu genuen. Istripuaren ondoren, Beñaten txamarra eta Iñaki Aierzaren kamera agertu ziren. Kamera puskatuta zegoen baina barruko filma ondo zegoen. Argazki batean, Beñat agertzen zen hiru bat urteko neskato batekin. Handik urte betera, Benantxiorekin joan ginenean, hark buruan zeukan argazki hura non ateratakoa izan zitekeen. Thamo herrian, galdetu zuen argazkiko neska hura ezagutzen ote zuten eta “Suka, Suka” oihu egiten zuten. Txabola moduko etxe batera jarraitu zieten bertakoei eta han zegoen argazkiko neska. Nepalera joaten garen bakoitzean Sukarengana joaten gara, oso harreman berezia dugu.

Aurten ere joan zarete?

Bai, joan gara. Azkena orain dela hiru urte egon ginen berarekin eta ez genekien nola topatuko genuen. Alde batetik, orain dela urtebete izan zen lurrikarak nola eragin zuen herrian ez genekien, eta, bestetik, hemeretzi urte ditu Sukak; adin horrekin haurtxo batekin topatuko genuela ere pentsatu genuen. Iritsi eta izugarrizko sorpresa hartu genuen. Atarira hurbildu eta falta zen, etxera sartzeko esan ziguten eta Suka ohean topatu genuen, oso gaixorik. Giltzurrunetako gaixotasunen bat zeukala esan ziguten, urtebete edo zeraman gaixorik. Katmanduko ospitalera jaistea oso konplikatua eta garestia zen eta hantxe zegoen mugitu ezinik. Guk ezer egin gabe ezin genuen gelditu eta helikoptero bati deitu genion. Eguraldi txarra zela eta hurrengo egunean joan zen helikopteroa; guk trekkingarekin jarraitu behar izan genuen. Ezin izan genuen ikusi neska helikopterora sartzen baina argazkiak bidali zizkiguten. Trekkinga amaitu eta Katmandura jaitsi ginean, ospitalera joan ginen bisitan. Askoz hobeto ikusi genuen, giltzurrunetako gaitz larri bat dauka, transplantea egin beharra dauka baina orain medikuek ikusi dute eta tratatzen hasi dira.

Emozioz betetako bidaia, ezta?

Bai, halaxe izan da. Suka egoera hartan topatu genuen egunaz aparte, bada nabarmentzeko beste egun bat: Pumoriko kanpamentu basera joan ginen, urteak dira dolmen moduko bat egin genuela eta haren gainean harri gorri bat ipini genuela, istripuan hildakoen omenez. Aurten, berriz, Nietok anaiarentzako plaka bat ipini nahi zuen. Harri gorria zegoen zonaldera iritsi ginen baina dolmena dena puskatuta zegoen, harria ez zegoen bere lekuan, lurrikarak dena mugitu zuen. Zeremonia bat egin genuen, bertako erara, elkarri eskuak emanda, intsentsu eta guzti. Handik Everesteko kanpamentu basera abiatu ginen baina esan bezala, lurrikararen eraginez, bidea hondatuta zegoen, harriak mugituta… Asko kosta zitzaigun Everesteko kanpo basera iristea: momentu batean, hantxe bertan iluna gainera etorriko zitzaigula ere pentsatu genuen, tentsio handiko momentuak izan ziren, baina denak isil-isilik gidariei jarraitu eta kostata baina iritsi ginen.

Amaiur Aristi Arregi




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide