Albisteak

Hiri Antolamendurako Plan Orokorra osatzeko bildutako informazio guztia aurkeztuko dute datorren asteartean

Azken hilabeteetan Zestoako Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) osatzeko informazioa biltzen ibili da Udala. Horretarako, herritarren ekarpenak jaso ahal izateko hainbat tailer egin dituzte. Bilera hauetan gai ezberdinak izan dituzte hizpide; etxebizitza, natura, kultura, lurzoru eta nekazal-ahalmena…

Bildutako informazio hori guztia aurkezteko bilera bat egingo da datorren asteartean, arratsaldeko 18:30ean, Udaletxeko areto nagusian. Han, 22 urtean indarrean egon diren eta HAPOa behin betiko onetsi arte indarrean dauden Arau Subsidiarioak aztertuko dira eta horietan jasotakoaren arabera zer egin den eta oraindik egiteko zer falta den aztertuko da.

Gainera, datorren hilaren 26an, herritarren parte-hartzearen bitartez, aurretik beste dokumentu batzuetan planteatutako alternatibak eztabaidatu eta berriak sortzeko tailer bat egingo da. Fase honetan, helburu eta irizpide batzuk erabakiko dira, herri-eredua zehazteko, hau da, etorkizunean nolako herria izatea den erabakitzeko. Hau horrela izanik, herritarren parte-hartzea funtsezkoa dela azaldu du Paula Amuchastegui arkitektoak, “erabakitakoak eragina izango du bai berrian baita denon etxeetan ere” gehitu du.