Albisteak

[HORTIK ZIHAR] Ainhoa Elorza Zelanda Berrian

Zer dela eta Zelanda Berrian?

Nire amak galdera hori beste era batetara formulatuko luke: ezin al zenuen urrutirago joan?Ba ez, urrun dago benetan! Uste dut ordu aldaketa edo “jet lag” delakoa ezagutu dudala benetan hona iristean. Gezurra badirudi ere, zuek baino hamabi ordu aurrerago bizi naiz.

Galderari erantzunez, egia esan, hainbat arrazoiengatik etorri naiz hona. Herrialde aproposena iruditzen zitzaidan bidaiatzeko. Alde batetik natura eta paisaia oso erakargarriak zituela iruditzen zitzaidan. Bidaiatu bitartean lan aukerak izatean ere pentsatu nuen. Zelanda Berria txikia da, pentsa, hedadura aldetik Espainiaren erdia dela gutxi gora-behera eta 10 aldiz gutxiago dagoela populaturik. Lan aukera izugarria dago, herrialde oparoa eta aberatsa da ekonomikoki eta sozio-kulturalki. Eta nola ez, hain trabaturik izan dudan ingelesa pixka bat hobetzea ere izan da arrazoietako bat.

2. Zein da zure egunerokotasuna?

Uztailean iritsi nintzen hona, Zelanda Berrira, Maori hizkuntzan Aotearoa ere deitzen diote. Eta orain dela gutxi arte egunerokotasuna leku batetik bestera bidaiatzea izan da furgonetarekin. Orain, aldiz, lanean nabil. Egia esan egungo errutina lasaia eta atsegina dela uste dut.

Esnatu eta ondo gosaldu ondoren, bizikleta hartu eta Lula, nire txakurra, ondoan dudala, lantokira joaten naiz. Lantokia River Valley izeneko bailara batean dago. Iparraldeko irlan kokatzen da, erdialdea baina zertxobait hegoalderantz. River Valley Lodge enpresa txikia da, rafting-a eta zaldiekin irteerak egiten dituzte eta jatetxea ere badute. Nik jatetxe hau barazkiez hornitzeko egiten dut lan, eurek dituzten baratzetan eta lorategietan nabil lanean.Beraien helburuetako bat, auto kudeaketa da. Adibidez, jatetxeko elikagai ia guztiak euren baratzetatik eta abereetatik lortzen dituzte.

Dagoen lanaren arabera, ordutegi desberdina daukat, baina beti pasatzen dut eguna bertan. Bazkaria eramaten dut, beraz, bazkalorduan patxadaz jaten dut eta ondoren, beste bueltatxo bat ematen dut txakurrarekin, geroago lanean jarraitzeko.
Amaitutakoan batzuetan lankideekin elkartzen naiz tabernan. Etxera itzultzean afaldu eta bertan dagoen lasaitasunaz gozatzen dut. Paisaia paregabeak daude bertan; mendi lerro elurtua, ardiz eta behiz beteriko zelai amaigabeak…

3. Zer topatu duzu han?

Hasteko, oso jende atsegina topatu dut bertan. Oso jator eta laguntzeko prest daude beti. Guztiek dute interesa kanpotik gatozenokin hitz egiteko eta gure berri jakiteko.
Bestalde, kultura maoria babestu eta erakutsi nahi dutela ikusi dut. Eurek ere izan dute historikoki nahiko gora-behera, herrialde “konkistatua” izan delako eta ondorioz, gatazka ugari izan dituzte. Badirudi orain kultura maoria kontserbatu nahi dutela eta hizkuntza, ohiturak eta sakratutzat dituzten lekuak babesteko ekimenak dituzte. Guztiek pozik dirudite.

Aldi berean, geologikoki nahiko berria den lurralde honetan, animalia eta espezie endemiko ugari dago. Hemen ere gizakiok nahiko kalte egin dugu. Hainbat espezie galdu dira eta beste asko galzorian daude. Agerian da, naturarekiko errespetu handia dutela momentu honetan. Babestutako parke natural pila bat dago eta esandako landare eta animalia espezieak babesteko lanean ari dira.

Azkenik, bertako natura pixka bat ikusteko aukera izan dut. Ikusgarria da. Leku bakoitzak herrialde desberdina dirudi. Denetarik aurki dezakezu; sumendiak, glaziarrak, basoak, kosta, lakuak, ingurune geotermalak, eta klima ezberdinekoak gainera.

4. Zer eramango zenuke hemendik horra?
Erantzuteko galdera zailak iruditzen zaizkit hau eta ondorengoa.
Noski familia, lagunak, bertako giroa etab. faltan botatzen ditudala. Baina ez nuke ezer aldatuko, dagoenaz gozatzen ari naiz hango gauzetan gehiegi pentsatu gabe.
Galdera erantzutera derrigortzen banauzue, Gabonak direla eta, “aginaldoa”, urdaiazpiko hanka edo opariren bat bidali nahi badit norbaitek, gustura hartuko dut horrelako zerbait. Edo bisitariak ere gustura hartuko ditut etxean, edonor animatuko balitz!

5 .Eta zer ekarri handik hona?
Itzultzen naizenean txakurra arazorik gabe bueltan eramatea da nahiko nukeen gauza bakarra. Hona ekartzeko nahiko komeni izan baitut. Ez da batere erraza izan.

6. Hara joanez gero, zer da egin gabe utzi ezin dena?

Uste dut hona etorriz gero, bi irlak zeharkatu gabe ezin zarela itzuli. Nik oraindik hegoaldekoa ikusteko daukat eta ikusgarriena hauxe dela diote. Jende askok furgoneta alokatzen du esandakoa egin ahal izateko. Egia esan oso ondo dago prestaturik “furgoneteroentzat”. Leku bakoitza hain da desberdina, pena merezi duela iruditzen zait. Bidaiatzeko modu hau gustuko izanez gero, edonor animatuko nuke probatzera.

7. Noiz arte hor?
Printzipioz apiril arte eman didate turista gisa egoteko baimena. Beraz, ordura arte hemen geratuko naizela uste dut. Zelanda Berritik mugitu aurretik hegoaldeko irlara joateko asmoa daukat. Eta gero agian Australiara joango naiz. Handik ere idatzi beharko dizuet!

Leku bat: Coromandel penintsulako hondartzak
Plan bat: Tongariro Alpine Crossing
Janari bat: leku askotako jendea dago Zelanda Berrian, eta beraz, jatetxeak ere askotarikoak. Leku ezberdinetako jaki oso oxoak dastatu ditut baina oraindik tradizionalik ez. Hala ere, bertako Manuka eztia dut gustoko. Goxoa izateaz gain, propietate medizinalak dituen eztia da, te zuhaixketatik lortutakoa.

Eskerrik asko eta ondo izan!!

Kia Ora!!

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide