Albisteak
HORTIK ZIHAR – Aitor Torralbo Dublinen
— 2019-03-14Zer dela eta Dublinen?
Ba 2015an Txinatik alde egin nuen eta unibertsitatean hastea erabaki nuen. Euskal Herrian pasa nituen hilabete batzuk unibertsitate bila eta egun batean gutun bat jaso nuen National College of Ireland-etik, onartu nindutela esanez. Maletak hartu eta 2016ko udan hona etorri nintzen bizitzera.
Zein da zure egunerokotasuna?
Ba ezer harrigarririk ez; goizetan astelehenetik ostiralera klaseak izaten ditut, eta astean bost egunetan lan egiten dut arratsalde-gauetan, cocktail bar batean. Egia esan kanpoan ibiltzen naiz asko, hilabetean behin bidaia bat inprobisatzen dut, gutxienez. Belfast, Londres, Bartzelona, Paris, Edinburgo… Igande goizean jaiki eta, ez dakidanean hemen zer egin, hegazkin merke bat hartzen dut edonora. Udak ez ditut behin ere hemen pasa; 2017an 3 hilabete egon nintzen kanpoan bidaiatzen eta 2018an urte sabatikoa hartu nuen bidaiatzeko: Georgiatik ia Himalaiaren ertzeraino eta handik buelta Greziaraino egin nuen, dena lurrez. Gero Kazakhstanen bizi izan nintzen 3 hilabetez, Gabonetarako Zestoara eta gero Dublinera itzuli aurretik
Zer topatu duzu han?
Ba zerbait hunkigarria da hemen dagoen etxegabe kopurua, hiri osoa beteta dago. Alkoholarekin ere arazo oso handia dago hemen, eta etxeen alokairua Europa eta munduko garestienetakoa da. Familia, gazte zein zahar asko kalean geratzen dira egunero, ez dut munduko beste inon halakorik ikusi.
Zer eramango zenuke hemendik horra?
Janaria, beti, euskalduna zarenean beti konparatzen duzu hango janaria beste lekuetakoarekin, eta ez dago inoiz konparatzerik, Euskal Herrian bezala ez da inon jaten.
Eta zer ekarri handik hona?
Ba ez dakit, egia esan. Ekonomia dago hemen orain potentzian, eta soldata altuak daude, baina bestela, Irlanda ez da oso herrialde aberatsa.
Hara joanez gero, zer da egin gabe utzi ezin dena?
Wicklow Mountains-en ibilaldia, Howth portua eta natura bisitatu, Phoenix park-en oreinak ikusi… Dublinetik kanpora herri txiki oso politak daude, Cork, Galway, Kilarney, Kilkenny. Ni oraindik ez naiz joan, baina mundu guztia Cliffs of Moher izeneko amildegi erraldoi batera joaten da. Eta noski, Pub irlandarrak. Taberna guztietan musikariak daude, instrumentuak jotzen eta abesten, eta garagardoa oso ona da hemen, wishkya ere bai.
Noiz arte hor?
Ba oraingoz 2019 udara arte, unibertsitatea bukatu eta ikusiko dut zer egin.
– Leku bat: Glendalough.
– Plan bat: Kotxe bat alokatu eta irla osoa zeharkatu.
– Janari bat: Sunday Roast Beef
Egin zaitez bazkide