Albisteak

Hutsik geratu da kiroldegiko estalki berria eraikitzeko lanen lehiaketa

Kiroldegiko proiektua (Zestoako Udala)

Udalak kiroldegiko pilotalekuan eta ondoko eremuan estalki berria eraikitzeko lehiaketa atera zuen ekaina hasieran, baina ez da inor aurkeztu. Kiroldegiko teilatuko amiantoa kendu, pilotaleku gaineko teilatua eta kanpoko estalkia desmuntatu, eta eremu guztia estaliko lukeen teilatu berria egitea da asmoa. Estalki berriaren gainean eguzki plakak jartzeko proiektua ere amaitzear dauka Udalak baina lan nagusien lehiaketara enpresarik aurkeztu ez denez lanak atzeratu egingo direla ohartarazi du.

Erakundeak azaldu du azkenaldian hornigai eta materialak izan duten garestitzea dela eta, obra publikoen lehiaketa asko ari dira hutsik gelditzen eta lehiaketa hau ere hutsik geratu izana arrazoi berdinaren ondorioa izan dela. Epe motzean Udalak aurrekontuaren prezioak berrikusi eta diru partida egokituko ditu. Ondoren, lanak berriro lehiaketara aterako ditu.

Udalak 1.084.733,46 (BEZ barne) aurrekontuarekin atera zituen lanak lehiaketara, eta egin beharreko lanetan teilatuko amiantoa kendu eta estalki berrian eguzki plakak jartzea zegoen aurreikusita. Ekoiztutako energiaren zati baten kudeaketa Zestoan sortzear dagoen komunitate energetikoari uztea zen helburua, bide batez burujabetza energetikoaren bidean lehen urratsa egiteko. Lanak aurkezteko epea ekainaren 15ean amaitu zen, baina Udalak beste 8 egunetan epea luzatu arren, ekainaren 23an epea amaituta proiektuaren exekuzio lanen lizitaziora ez da enpresarik aurkeztu. Erakundeak aurrekontua eguneratu beharko duela jakinarazi du.

Udalak “ezinbestekotzat” jotzen du berriztagarrien aldeko apustua egitea: “Udalak larrialdi klimatikoari aurre egin eta herri burujabe bat eraikitzeko bidean, ezinbestekotzat jotzen du berriztagarrien aldeko apustua eta obra hau norabide horretan lehen urratsa izateaz gain, frontoi zaharra eta kiroldegiaren tartean dagoen aisi eremua hobetzeko ere baliagarri izango dela kontutan hartuta, lanak egiteko konpromiso irmoa daukala adierazi nahi du” azaldu du erakundeak.

Kiroldegiko proiektua (Zestoako Udala)

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide