Albisteak

Idazmena eta marrazketa lantzeko haurrentzako tailerra

Abenduaren 7an, Zestoako udal liburutegian, idazmena eta marrazketa lantzeko haurrentzako tailerra egingo da Miguel Berzosaren eta Iñaki Sainz de Murietaren eskutik. “Kanide, gure lagun berria” izena du tailerrak. 20 haurrentzako lekua egongo da, doakoa izango da, tailerra arratsaldeko 18:00etan hasiko da eta izen ematea Zestoako Turismo Bulegoan egin behar da. Tailerra elebitan egingo da.

Aurtengo urrian, “Kanideren abenturak” izeneko bildumako lehendabiziko alea kaleratu zen: “Zaldien kobazuloa”. Miguel Berzosa eta Iñaki Sainz de Murietaren eskuetatik sortu zen historiaurreko pertsonai hau eta irakurleak orain dela 12.000 urteko bizitza nolakoa zen ikusi ahal dute. Ekain kobazuloa izan zen lehendabiziko abentura honen inspirazio iturri eta Ekainberriko lantaldearentzat ohore bat izan da.

Kanide, zazpi urteko gazte bat da eta bere tribua historiaurrean nola bizi zen azaltzen du bere abenturen bitartez. Lehendabiziko ale honen arrakasta ikusita, Kanideren bigarren abentura bat kaleratu da oraingoan: “Suaren zeremonia”

Honekin guztiarekin eta Ekainberrik proiektu honekin bat egiten duenez, datorren abenduaren 7an, Zestoako udal liburutegian, Kanideren sortzaileekin doako tailer berezi bat egingo da. Lehen hezkuntzako bigarren eta hirugarren zikloetako ikasleei zuzendutako ordubeteko tailer honetan, parte-hartzaileek idazmena eta marrazkigintza landu ahal izango dute eta Miguel Berzosak eta Iñaki Sainz de Murietak ipuin bat nola sortzen den azaldu eta erakutsiko die.

Tailer hau “Energia Olatuak. DSS2016” luzatutako laguntzaren bidez egiten da eta honi esker Kanideren bildumaren azken liburuxkaren 150 ale banatu ahal izango dira Gipuzkoako hainbat ikastetxe eta liburutegi publikoetan.

Datuak

Tailerra: “Kanide, gure lagun berria”. Idazmena eta marrazkigintza lantzeko tailerra

Nork: Miguel Berzosa eta Iñaki Sainz de Murieta autoreen eskutik – elebitan

Noiz: 2016ko abenduaren 7an – arratsaldeko 18:00etan

Non:Zestoako Udal Liburutegian

Izen-ematea: Zestoako Turismo Bulegoan

+info: 943 868 811 – info@ekainberri.com




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide