Otsaila 2026
— 2026-03-02Irakurri 279. zenbakia hemen.

Goizeko 9:00etan auzolanarekin emango diote hasiera jardunaldiari, Amillubiko eguneroko lanak ezagutzeko eta bertan parte hartzeko aukera eskainiz. Ondoren, 11:00etan, mokadutxoa izango dute, eta 11:30ean hasiko da formakuntza saioa: Intersekzionalitatea lurreratuz, Leticia Urretabizkaiaren eskutik.
Saioan, proiektu kolektiboetan intersekzionalitatea nola txertatu landuko dute, dinamika parte-hartzaileen bidez kontzeptua praktikatik aztertuz. Antolatzaileek azaldu dutenez, saioa gaztelaniaz izango da, nahiz eta hizkuntza eskubidea bermatuko den.
Parte hartu nahi dutenek info@amillubi.eus helbidera idatzita eman dezakete izena, eta antolatzaileek gogorarazi dute lanerako eskularruak eramatea komeni dela.
Eskola Haziak egitasmoa
Eskola Haziak agroekologiaren eta nekazaritza jasangarriaren inguruan ikasi nahi duen edonorentzat zuzendutako dinamika da. Antolatzaileek azaldu dutenez, egitasmoa iaz egindako Auzo(p)lanen ideiatik sortu da, eta helburua da agroekologiaren bueltan ikasteko, esperientziak partekatzeko eta sarea ehuntzeko espazio bat sortzea.
Urtean zehar zazpi saio egingo dituzte. Saio bakoitzean egitura antzekoa izango dute: goizean auzolana egingo dute Amillubiko eguneroko lanak eta behar praktikoak ezagutzeko, eta ondoren tailer edo hitzaldi bat izango da jakintza partekatzeko eta ikasitakoa kolektiboki lantzeko.
Egitasmoaren helburuen artean daude nekazari txikiak eta elikadura-sistema eraldatzen ari diren proiektuak indartzea, ikuspegi feminista, intersekzional eta kolektiboa lantzea, eta Gipuzkoako mugimendu agroekologikoaren barruan agenda komun bat ehuntzea.
Saioetan hainbat gai landuko dituzte, besteak beste ekonomia sozial eta eraldatzailea, ekofeminismoa, intersekzionalitatea, ekoizpen eta merkaturatze kolektiboa eta bioeraikuntza.
Udaberriko festa
Eskola Hazien saioez gain, aurten hirugarren urtez Udaberriko Festa egingo dute Amillubin. Goizean mahai inguruak antolatuko dituzte agroekologia, elikadura burujabetza eta alternatiba errealen inguruan hausnartzeko.
Arratsaldean, berriz, jai giroa nagusituko da: kontzertuak, zirko tailerra eta adin guztientzako ekintzak izango dira, komunitatea indartzeko eta ospakizunerako espazioa sortuz. Aurtengo Udaberriko Festa maiatzaren 16an egingo dute.