Albisteak

Igandeko final handiko aurkezpena egin zuten atzo Arrigorriagan

Ez da urte erraza izan aurtengo hau emakume pilotarientzat ere. Baina oztopo guztiak gaindituta, igande honetan Arrigorriagan jokatuko den Binakako Master Laboral Kutxa Txapelketako final handian izango dugu Naroa Agirre pilotari arroarra. Atzo, asteartez Arrigorriagan egin zuten aurkezpena.
Zortzi bikote, hamasei pilotari, izan ziren baldintza berrietara egokitu behar izan zuen lehiaketa berri honetan parte hartu duten emakumeak eta sei kanporaketen ostean, Amaia Aldai-Oihane Orbegozo eta Patri Espinar-Naroa Agirre izango dira igandean txapelen lehian arituko direnak.
Antolatzaileen esanetan; “Final lehiatua eta estua espero da, faborito argirik gabekoa baina ikuskizuna ziurtatzen duten horietakoa. Aurrean gaur egungo bi aurrelari bizi eta ikusgarrienetako bi ariko dira aurrez aurre, Amaia Aldai dimoztar gaztea eta Usansoloko Patri Espinar, pilota molde guztietan oso lehiakorra den emakumea. Neguko hotzekin eskuko arazoren batzuk pasa dituen arren, oraingo honetan bi aste izan ditu eskuak zaindu eta osatzeko eta gerra emateko asmoz agertuko dela iragarri berri du Arrigorriagan izandako aurkezpenean”.
Atzean jokatzen du Naroa Agirre gazteak. Amaia Aldaik Oihana Orbegozo izango du bizkartzain. 35 urterekin, hau izan du azpeitiarrak lehen txapelketa pilota mistoarekin eta antolatzaileen esanetan “bikain egokitu da material berrira, finalera arteko partida guztietan oso seguru arituta”. Naroa Agirrez dio; “oso bestelako pilotaria da atzelari urdina, Naroa Agirre zestoarrak 17 urte baino ez baititu. Patri Espinarren atzelaria harrobian egiten ari den lan bikainaren adibide garbia da eta etorkizun handiko pilotaria dela erakutsi du egungo onenen aurka maila dotorea erakutsi eta gero”.
Osasun egoerak, momentuz, ez du pilotalekuan ikuslerik biltzerik baimentzen, baina finala eta hirugarren posturako lehia ere, ETB-1ean ikusi ahal izango dira eguerdiko 12etatik aurrera.



Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide