Albisteak

Igandeko Herri Urratsera joateko txartelak erosteko azken eguna gaur, asteazkena

Maiatzaren 12an ospatuko da aurten Herri Urrats, Senperen, eta Portale Kultur Elkarteak autobusa antolatu du egun pasa joateko. Gaur amaitzen da txartelak erosteko epea, 15 euroko prezioa dute eta Portalen daude salgai. Goizeko 9:15ean abiatuko autobusa hilerri aurreko geltokitik, eta arratsaldeko 19:30ean izango da itzulera Senpereko lakutik.

Aurtengo Herri Urratsako leloa “Ostadarra” da. Antolatzaileen esanetan, “Herri Urratsi itsatsirik daude eguzkia eta euria. Bietako bat protagonista izan ohi da urtero. Batzuetan biak batera ere etorri izan dira, eta haiekin ortzadarra. Usu negar egin behar izan dugun arren, baikorrak gara, eta ortzadarrak islatzen du baikortasun hori. Ortzadarra irteten denean, ematen du indar bat, ematen du zoriontasun bat, sortzen du irribarre bat. Hori da, aurtengo leloarekin eman nahi dugun mezuetako bat. Ortzadarra, ostadarra, uztadarra, ostabarra, ostarkua… gauza berari deitzeko hamaika izen, eta horiekin baita Erromako zubia ere. Hori ere irudikatzen baitu ortzadarrak: zubi bat da. Ikastolak, berriz, zubigileak gara, bokazio hori daukagu. Gure arteko harremanak eraiki ditugunean, gertukoenen artean bezala, lurralde desberdinen artean, zubiak eraiki ditugu euskara izanik lehengai. Eta zubiak eraiki ditugu, gu bezala, hizkuntza gutxituetan mintzo diren herriekin ere. Zubiek batu egiten dute eta guk batasun hori ere islatu nahi dugu aurtengo leloarekin. Ortzadarrak aniztasuna ere esan nahi du. Aniztasuna irudikatzen dute bere koloreek. Eta ikastolok kolore guztiak nahi ditugu. Aniztasuna koloreetan baina batasuna ere bai, denak bat eginda ageri direlako zubi ere baden egitura horretan. Aniztasuna eta batasuna, beraz, gure hizkuntza den bezala”.

Hemen egitaraua:

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide