IGOGAILUA DELA ETA

Zestoako EH Bilduk igogailuaren obrak amaitzear dauden honetan hainbat azalpen eman nahi ditu. Azken aldian hirigintzaren baitan irisgarritasunak hartu duen garrantzia dela eta, Zestoako zenbait auzok erdigunearekin duten lotura errazteko, aurreko legealdian hainbat gogoeta egin ziren eta irisgarritasunaren ikuspegitik arazorik gehien Idiazpi auzuneak izanik, handik Laranjadi ingururakoa hobetzea pentsatu eta haserako obra txiki bat egin zen, beti ere epe laburrean bertan igogailu mekaniko bat egiteko asmoarekin.

Legealdia aldatzearekin batera, Udal Gobernu berriak haserako egitasmoa aldatu eta Zubimusu auzora berau gerturatzea komeni zelakoan proiektua aldatu eta igogailua egun egin den lekuan egitea erabaki zuen.

EH Bilduk aurreko legealdiko egitasmoaren aldaketagatik bere kezkak bi zentzutan agertu izan ditu: batetik, efizientzia arrazoiak, hau da, igogailuaren kokapen berritik gertu eraikinik ez egoteak eta 15 metroko desnibel urriak, jendeak igogailua hartu ordez Erdikalera oinez joaten jarraituko duenaren ustea eta bestetik, ondare gisa izendatua dagoen eraikinean eta zestoarrontzat betidanik xarma berezia izan duen Portaleko maldan pasabideak izan zezakeen eragina. Udal gobernutik Gipuzkoako Foru Aldundiko ondare departamenduarekin kontsulta egin zela eta eragozpenik ez zutela jarri esan zitzaigun eta inpaktu urbanistikoa saihesteko neurriak ere hartuko zirela.

Gogoeta hauek 2017ko udaberrian argitaratu genituen eta hirigintza batzordean eta udal batzarrean ere jasoak gelditu ziren. Obrak hasi orduko gure haserako kezkak baieztatzen hasi zirela esan dezakegu eta pasabidea jarri denean Alondero eraikina eta portaleko maldari egiten zaion kalte estetiko nabaria argi ikusi da. Pasabidearen estetika eta dituen neurriak ikusita inpaktua ahalik eta txikiena izan zedin behar bezalako jarraipenik ere ez dela egin argi salatu beharrekoa da.

Hau horrela izanagatik aitortu behar dugu beste gauza askotan zorrotzagoak izaten badakigun bezala kontu honekin agian behar adina zorrotz ez garela izan eta zoritxarrez Zestoako udalean gutxiengoan egonda gure eritziek ahuntzaren gauerdiko eztularen pareko balioa badute ere, gure aurkakotasuna grina gehiagorekin adierazi behar genuela. Halere, elbarri eta adinekoen premiak kontutan hartu eta herriko paisaia berezi horretan ahalik eta eragin kaltegarririk txikiena sortzeko neurriak hartuko zirela agindu zitzaigunez eta bai ala bai igogailua hor egingo zela ikusita, kontrakeria antzuak utzi eta azkenean kritikoak izanagatik proiektuari ez genion ezezkorik eman.

EH Bilduk garbi utzi nahi du igogailua egin den tokian egin izanaren ardura osoa EAJren egungo gobernuarena dela eta gure egitasmoa betidanik hasieran adierazi duguna izan zela. Horrelakoetan errazena isilik egotea izan ohi da baina nahiago izan dugu herritarrekin leial jokatu eta dagokigunean gure buruari kritika egin.

Bukatzeko, Zestoako EH Bilduk etorkizunean gure herria kudeatzeko aukerarik izaten badu, antzeko proiektuak prozesu parte hartzaileen bidez gauzatzeko konpromiso irmoa hartzen duela berretsi nahi du.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide