III. Herri azoka antolatzeko deialdi zabala

Kaixo lagunok!

Badator maiatza, eguna luzatzearekin batera loratuz doaz bazterrak. Herri Azoka ere ernalduz doa. Aurtengoa hirugarrena izango da. “Herri” izaera izatekotan, ordea, herriko beste talde eta eragileei irekia behar duela pentsatzen dugu: artisauak, baserritarrak, bertako ekoizleak, herriko kultur taldeak, gai sozialak lantzen dituzten taldeak, artea lantzen dutenak… denok koloreztatzen baitugu Zestoa.

Herriko dinamika ezberdinen erakusleiho izan nahi du azokak, elkargune eta topaleku. Hainbat ekimen proposatu nahi ditugu aurtengoan eta zuenari ere bide eman nahi genioke. Eskuartean duzuen hori herriratzeko aukera izan nahi du azokak.  Gurea herri txikia izanik, elkarlanean emaitza hobeak lortzen ditugula sinetsita gaude.

Norbanakooi ere deialdia luzatu nahi dizuegu, antolakuntza lanetan esku bat botatzeko prest dauden herritarren laguntza eskertuz.

Apirilaren 26ean, asteazkenez, arratsaldeko 19:00etan Kultur Etxean bilera zabala deitu dugu eta bertan parte hartu nahi duen oro gonbidatu nahi dugu.

Guztiok osatzen dugu Herri Azoka, gonbidatuta zaudete.

Astindu

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide