Albisteak

Iñaki Azkuneren ‘Zestoaren Historia’ ikerlana aurkeztuko da datorren larunbatean

Iñaki Azkune Historialari zestoarrak egindako “Zestoaren Historia” ikerlana aurkeztuko da datorren larunbatean (abenduak 17) Zestoako Udalean. Udalak argitaratu duen oharrak dioenez “orain arte gure herriari buruz egin den historia lan sakonena da. Urte franko eman ditu Azkunek Zestoako, Euskal Herriko eta Euskal Herritik kanpoko hainbat artxibotako agirien kopiak biltzen, gure herriari buruzko lehen eskuko albisteak izateko ahaleginean.”

Zestoako eta inguruko Geologia, Historiaurrea, Antzinaroko Historia eta Goi Erdi Aroari buruzko azalpenekin ematen zaio hasiera lan horri. Gero, Zestoa hiribildu bihurtu ondorengo garaia (1383) askoz sakonago aztertu du Azkunek, eskueran zuen materiala ere ugariagoa zelako. Horrela, Historiaurretik 1544. urtera arteko historia bildu du Azkunek liburuan. Ikerketarekin batera, bertan erabilitako dokumentu historiko garrantzitsuenen transkripzioa ere prestatu du eta, atala bukatzeko, aurkibide onomastiko eta toponimikoa.
Aurkezpena larunbatean, abenduaren 17an, goizeko 11:00etan, Zestoako Udaletxean izango da. “Zestoaren Historia” CD-roomean argitaratu da eta ale bakan batzuk paperean, liburutegietan-eta jartzeko.

Liburuaren aurkezpenean honako hauek hartuko dute parte:

  • Josetxo Mendizabal Irigoien, Zestoako alkatea
  • Fernando Txueka Isasti, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Adiskide Numerarioa
  • Juan Bautista Mendizabal Juaristi, Euskalerriaren Adiskiden Elkartaren presidentea Gipuzkoan
  • Iñaki Azkune Mendia, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Adiskide Numerarioa



Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide