Industriako egoeraren harira

Euskal Herriko eta eskualdeko industria sektorearen egoera dekadentearen harira, Urola Erdiko Laneko Autodefentsa Sareak idatzitako artikulua da honakoa.
 

Horrela dugu Euskal Herria azken aldian: Ezkirozko BSHren itxiera, Altsasuko Sunsundegiren itxiera, Zumaiako Balenciagaren itxiera, Gasteizko Recubrimientos Organicos Saroren itxiera, Laudioko Guardian Glass-en itxiera, Oñatiko Stadler-en edota Tuterako Nanoren itxiera … ; kaleratze kolektiboak ere aurreikusita beste zenbait enpresetan, Gasteizko Mercedes Benz-en, esaterako; EREak eta ERTEak geroz eta presentzia handiagoa dute, deslokalizazioak orokortzen ari dira, eta zerrenda nahi beste luza genezake.

Urola Erdiko herrietan neurri masiborik gertatu dela ez badirudi ere, denok gara eskualdeko enpresa ezberdinen egoera ezegonkorren jakitun: badakigu Sidenorren edota Lasaoko Corrugadosen ehundaka langile ERTEan daudela; enpresa asko eta askoren ahotan dago “lanik ez dagoela” eta, beraz, lan-orduak murriztu direla (nahiz eta behar denean lanera joateko prest egon behar garen, larunbat batean, adibidez); hilabeteak daramatzate Aitek edo Juaristi enpresetako langileek nominen atzerapenak jasaten… Finean, inork ezin du inguruotako industriaren egoera dekadentea ukatu. Egonkortasunaren kontzeptua, gaur- gaurkoz, ia existitu ere ez da egiten lan-munduaz dihardugunean; lanpostua ziurtasunez mantendu ahalko dutela uste duten langileak geroz eta gutxiago dira.

Han edo hemen agertzen ari diren kasu horiek, baina, zoritxarrez, ez dira zorigaitzaren edo kasualitatearen ondorio; Europako industriak lehiakortasuna galdu du eta estankamendu ekonomiko betean gaude. Ondorioz, geroz eta zailtasun handiagoak daude irabazi ekonomikoak bermatzeko, hau da, enpresa ugariren ezegonkortasuna ez da inolaz ere une zehatz bateko gestio txar baten ondorioa bakarrik. Krisi horren eragina nabaritzen hasi gara, eta are gehiago nabarituko dugu datozen urteetan.

Gure nagusiek nahiago dute etekin ekonomiko handiagoak emango dizkien sektore batean inbertitzen hastea, eta tendentzia argia da: orain, inbertsioak armagintzara, gure natura suntsitzetik hazten ari den energia berriztagarriaren sektorera, automobilgintza elektrikora … bideratzen dira. Erabaki horiek, baina, langileak kontutan hartu gabe hartzen direnak dira, noski. Horrela, enpresariak haien dirua ahalik eta modu eraginkorrenean nola inbertitu pentsatzen ari diren bitartean, milaka langile miseriara kondenatzen dituzte: gutxi batzuen bizi-maila bermatzeko, gehiengoaren bizitza kondenatzen dute.

Ez gaitzatela engainatu: garai txarrak izaten ari dira, baina ez dira horren txarrak denontzat. Gure nagusiak ez daude hilabete amaierara ezin iritsita, beraien ongizatea ez dago arriskuan: arriskuan ikusten dutena, nahi adina diru irabazten ezin jarraitzea da. Aldiz, bien bitartean, langileok beldurrez eta kezkatuta gaude, ez daukagulako gure lan-postuan jarraitzeko bermerik, ez dugulako hilabete amaieran nomina bermerik, edota gaur-gaurkoz jada, ERE edo ERTE bezalakoekin hanka bat kanpo dugula sentitzen dugulako. Ez gaitzatela engaina: gure nagusiak urteetan zehar poltsikoak diruz bete ditu gure kontura, eta orain ezegonkortasunaren errua lehiakortasun ezari botatzen die. Baina ez, gure ezegonkortasunaren errua gure nagusien diru-gosearena da, beraien interes bakarra poltsikoak betetzen jarraitzea baita.

Garai ilun hauetan, ezin dugu ahaztu gure ezegonkortasun eta miseria zeinen ardura eta errua diren. Ezin dugu beste aldera begiratu eta gure enpresen izena babesteko asmoarekin jokatu; gure enpresaren jabe horiek, inongo beldur eta ardurarik gabe salduko baikaituzte. Gure etorkizunak kolokan daude, eta argi izan behar dugu zeinengatik gauden egoera honetan.

Urola Erdiko Laneko Autodefentsa Saretik elkartasuna adierazi nahi diogu kaltetua izaten ari den langile orori, eta dei egiten dugu edozein ERE, ERTE, deslokalizazio, ez ordaintze, kaleratze eta abarren aurrean mobilizatzeko.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide