Paperekoa
IPUINETATIK SIRENA HOTSAK – Mikel Ibarguren
— 2016-02-01Printze urdin, boteretsu eta xarmantek heroiak bailiran bezala erreskatatzen dituzte printzesa arrox, geldo eta inozenteak.
Txanogorritxuk ez du beldurrik basoa berak bakarrik zeharkatzeko. Edurne Zurik, berriz, ederra izateagatik hiltzera kondenatu eta bere erreinutik ihes egin duela ahantzi du, lasai bizi da iratxoen neskame.
Literaturan etiketak jartzea iraina da, baina berba, testu, genero eta idazle bakoitza definitzeko joera daukagu. Hitzek ordea, horrenbeste zehaztean esanahia galtzen dute, zentzugabe bihurtzen dira, isilduz eta desagertuz.
Badira kontzeptuak esanahi erlatiboa dutenak. Esaterako, zer da maitasuna? Goizeko bostetan whatsap bat bidaltzea? Zer da askatasuna? Pasahitzik gabeko wiffi bat? Benetan garrantzia duten hitzak zikindu ditugu.
Nahi duguna bakarrik ulertzen dugu eta zerbait azaletik ez badugu entelegatzen kontra egiten diogu argudiorik gabe, gure dialektikarekin apologia hutsalari men eginez.
Adibidez, Donostian martxoaren 8an egiten den Lilatoian ezin dute gizonek parte hartu: zeinen erraza den esatea hori injustizia bat dela, inon ezer begiratu eta informatu gabe. Baina injustizia handiagoa da emakumeek gizarte honetan ez izatea esparrurik. Protagonistak izan behar dute egunerokoan eta ez haizeak korronte erraz batez mugiarazi ditzaken pieza ikusezinak.
Enpatia bertute izugarria da benetan bestearen tokian jartzen garenean. Baina ez badugu ahaleginik egiten bihotzez besteen azalean jartzeko, beraien oihu eta galderetan erantzunik gabeko gormutuak gara, iraultza txikien oztopo, eta ez da aitzakia gizarte patriarkalaren sustraietatik jan eta edan izana. Kontzientzia da arazoa, konformismoak usteldu egiten du errutina denean, egunero berdina ikusten duena itsua da, azken finean.
Txanagorritxuk behar baino gehiago hitz egin du, amona eta bera arriskuan jarriz. Edurne zuri, errazegi fidatu da ezagutzen ez duen saltzaile batekin eta pozoitua izan da.
Kontuz! Ardi asko ez baitira ohartu otsoak dabiltzala artzain.
Mikel Ibarguren
Egin zaitez bazkide