Albisteak

Iraeta eta Narrondo artean falta den bide berdearen zatia amaituko dute

Gaur goizean aurkeztu dute Zumarraga eta Zumaia lotzen dituen bide berdea amaitzeko falta den zatiaren proiektua. Gipuzkoako Diputazioan izan da hitzordua, eta bertan izan da Josetxo Mendizabal alkatea. Iraeta eta Narrondo arteko bide berdearen zatia amaituta, Urolako bide berdea amaitutzat emango dute.

Proiektuak 530.000 euroko kostua izatea aurreikusten dute eta 2019an ekingo diote lanei. Hasteko, Iraetan dagoen tunela konponduko dute. Tunel honek 80 metroko luzera du eta guztira, 240.000ko aurrekontua izango dute lan hau egiteko. Honez gain, Arroako  bigarren tunela aztertzen hasiko dira. Tunel hau lehenago aztertzetik izan ez dutela azaldu dute, ez baitago irisgarri. Bertara heltzeko 60.000 euroko kostua izango duten lanak egin beharko dituzte eta orduan jakin ahal izango dute konponbiderik duen edo ez. Konponbidea izanez gero, ondo bidean, 740.000€ inguruko kostua izango dute lanek baina milioi bat euroko kostua izatera heltzera iritsi daitekeela ere azaldu dute. Tunela irisgarri egin eta azterketa egindakoan erabakiko da zein aukera den egokiena.

“Niretzako egun handi bat da gaur. Bai Zestoako alkate bezala, baita Arroabeko bizilagun bezala ere” adierazi du Josetxo Mendizabalek. Albistea sorpresaz hartu duela azaldu du alkateak “ez dut ezkutatuko niretzat sorpresa bat izan dela nire legegintzaldiaren barruan hau posible izan baita eta gainera, bere osotasunean”. Auzotar, tekniko eta gainontzekoei egindako lana ere eskertu die alkateak.

Ez dute esan noiz egongo den bidea erabilgarri. “Epeak ematea beti da zaila eta kasu honetan are gehiago. Bigarren tunelaren azterketa ez baitago egina. Printzipioz, gure asmoa, pixkanaka pixkanaka joatea da eta horrekin aurrerapauso garrantzitsuak ematea” azaldu dute.

Bidegorriaren erabiltzaileak

Bidegorriak bi erabiltzaile mota izango dituela aurreikusten da. Batetik, Arroatik Zumaiara edo Zumaiatik Arroara joateko egunero erabiliko dutenak. Eta, bestetik, kirola egiteko eta aisialdirako erabiliko dutenak. “Urola bailarak erakargarritasun turistiko handia du eta bide honek areagotu egingo ditu erabiltzaileak eta turismoa” gehitu dute.

Autobus geltokia egokitu

Bidegorriaren lanekin batera, Arroabeko autobus geltokiaren arazoa konponduko dutela ere azaldu dute semaforoa eta zebreabidea jarriz.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide