[IRITZIA] Liluraren alde

Mikel Illarramendi Fundizio Kultur Elkarteko kideak idatzitako iritzi artikulua da honakoa:

Ukaezina da Gaztetxearen lekualdatze prozesuak ilusioa piztu duela hainbat jenderengan, eta neu naiz horietako bat, dudarik gabe. Urte dezente dira Gazte Asanbladako kide izateari utzi niola, baina, hala ere, gaztetxeko ROCK komisioan lanean jarraitu dut FUNDIZIO musika elkarteko kide bezala. Azken urteetan, kontzertu dezente egitea lortu dugu, gaztetxean zein kalean eta, gainera, nahiko proposamen indartsuak izatera iritsi dira, horren adibide FUNDIZIO FEST bezalako ekimenak. Hala ere, gure ekimen gehienen kokalekua, gaur egungo gaztetxea den, kultur etxeko espazioa izan da. Gaztetxe horren egoerari buruz, esan nahiko nuke, nire iritziz, herrian dagoen lokalik ezegokiena dela kontzertuak egiteko: bigarren solairuan kokatzen da, ez du larrialdi irteerarik, ez dago intsonorizatua, soinu kalitate eskasa du… Horrez gain, herriguneko punturik garaienean kokatzen den eraikuntza denez, herri osotik entzuten da bertako oihartzuna. Galdetu bestela inguruko bizilagunei, eskertzeko moduko pazientzia erakutsi dute!

Lokalaren gabezia guztiak kontuan izanik ere, eskerrak espazio hori izan dugun urte guzti hauetan zehar, bertan hasi eta hazi gara herriko ia musikari guztiak eta mila gau magikoren testigu izan da. Asko maite dugun txokoa da! Gazte Asanbladaren bilakaera ere aztertu nahiko nuke, egun duen kide kopurua eta mugimendua nik inoiz ikusi dudan edo oroitzen dudan handienetarikoa dela azpimarratuz. Esango nuke, antzeko zerbait ikusi edo bizi izan nuen azken aldia orain dela 20 bat urtekoa dela.

Horrez gain, musikari moduan, Zestoan dugun musika mugimendua aipatu nahi nuke. Aktibo gauden talde kopurua ikusita eta hori sustatzeko herrian dagoen azpiegitura ezagututa, harrigarria iruditzen zait horrelako mugimendua bizirik mantentzea. Egia da, ahal dugun ia talde denok geure erara bilatzen dugula (ordainduta) gure jarduera aurrera eramateko kondizio minimoak betetzen dituen lokal duin bat, herrian dugun entsegu lokal bakarra aspaldi geratu baitzen guztiontzat txiki. Dituen ekipo eta instalazioak oso egoera kaskarrean aurkitzen dira eta oinarrizko material guztia FUNDIZIOko kideok kudeatu izan dugu beti. Kontzertu eta ekitaldietarako aretoari buruz, berriz, nahikoa esan dut hasieran. Oso tristea iruditzen zait herriko azpiegituren egoera horrelakoa izatea, baina, nolabait, beti horrela izan denaren sentipena dut. Leku askotara bidaiatu eta kontzertuak jotzeko zortea izan dut eta askotan sentitu izan dut inbidia beste leku batzuetako ereduak gertutik ezagutzean. Sarritan aipatu dugu: “Zestoan horrela balitz…”.

Minak alde batera utzita eta herriko musika eta kultur jarduerak ikusita, mugimendu horiek zerbait hobea merezi dutela uste dut. Gaztetxearen lekualdatze prozesua piztu berritan, FUNDIZIO musika elkarteko kide bezala, elizarekin egindako aurreneko bilera batean egoteko aukera izan nuen. Bilera horren ondoren, txikitan katekesira joaten ginen zentrora berriro sartu nintzen. Leku horrek duen potentzialaz ohartu nintzen istant batean eta, ezin ukatu, zine zaharrean irudikatu nuenak sortu zidan lilura. Bai horixe, hau da behar dugun espazioa! Ziur nago gainerako kultur talde eta eragile askok ere zentroan beraien jarduera edota aurkezpenak aurrera eramateko leku ideala bilatuko luketela.

Ilusio iturriari eutsiz, duela urtebete inguru, batzar ireki bat deitu genuen Gazte Asanbladak eta FUNDIZIO elkarteak elkarlanean, zentroko proiektua azaltzeko eta, FUNDIZIOren partetik, zentroko aretoaren erabilera eta intsonorizazio planak azaltzeko. Kanpainak bere bidea jarraitu du eta azken egunetan eman diren gertakarien harira, Gazte Asanbladak agerraldi publikoa egin zuen otsailaren 24an, burututako mugimenduak azaltzeko eta jendearen kezkak argitzeko. Politikoen aldetik, ez zen agertu Udal Gobernu ezta oposizioko inor ere, nire harridurarako, ez aurreneko bilerara eta ezta bigarrengora ere. Prozesu guztian zehar, helburua proiektuaren inguruko xehetasunak argitzea eta herriari informazio erabat gardena helaraztea izan da.Lehen aipatu bezala, zentroak duen potentzialaz ohartuko bagina guztiok, nik uste dut, niri sortu zitzaidan ilusio hori piztuko litzaiokeela edozein Zestoarri zinera sartu orduko. Nahiz eta egoera onenean ez egon, ezinezkoa iruditzen zait bere xarmak ez harrapatzea edota proiektuarekiko interesik ez piztea.

Amaitzeko, denetariko eragile, talde edo herritar gonbidatu nahiko nuke Gazte Asanbladarekin bat egin eta espazio honen lorpenerako lanean batzera, edota bertako kideen bitartez, planak zeintzuk diren informatzera. Ziur nago elkarlanaren bitartez denok dugula hor guretzat lekutxo bat eta irabazten irtengo dena gure herria izango dela.

Mikel Illarramendi




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide