Albisteak

[IRITZIA] M8: sistemaren zuritzea ala iraultzaren hauspoa?

Duela egun gutxi batzuk 2022.urterako diseinatu zen Berdintasun Ministerioaren aurrekontua, lehen aldiz, 500 milioi eurotik gorakoa izan zela jakin nuen, zehazki; 525 milioi eurokoa. Era berean, ministerioak indarkeria matxista guztien aurkako plan eta programetan, iaz baino 56 milioi euro gehiago bideratu zituela irakurri nuen, honela, 285 milioi eurora iritsita. Hori horrela izanik, badirudi instituzio nahiz alderdi politikoek indarkeria matxistaren auziarekiko irtenbideak proposatzen dituztela, baina zer dago benetan horren atzean? Akaso ez da aurpegiak zuritzeko estrategia bat?

Egun, indarkeria matxistak gogor zapaltzen jarraitzen du emakume langileon bizitza eta egoera horretaz jabetzeko errealitateko datuetara jotzea besterik ez dugu: azken egunetan, Euskal Herrian gutxienez bi talde bortxaketa izan dira; bata Barakaldon eta bestea Tolosan. Honez gain, Gasteizen emakume bati bere mutil lagun ohiak egindako erasoa zela eta osasun-langileek artatu behar izan zuten. Beraz, zein da instituzio nahiz alderdi politikoek proposatutako erreforma horien eraginkortasuna?

Sistema kapitalista etengabe berregituratzen dela kontutan hartzen bada, lor daitezkeen hobekuntzak (erreformen bidez lortzen direnak) aldi batekoak besterik ez direla ulertu behar dugu, hau da; arazoei errealki aurre ez zaiela egiten. Hala ere, goranzko kapitalismo fase batean hau ez zen hain ikusgarri suertatuko, egonkortasun handiagoa dela medio iraunkorragoak izan zitezkeen hobekuntzak lortzeko aukerak egon daitezkeelako. Hori ordea, ez da egun bizi dugun testuinguruaren kasua.

Gaur egun, langile klaseak, 2007-2008ko krisiaz geroztik hasi zen bizi eta lan-baldintzen kaskartze-prozesua pairatzen dugu eta egungo pandemia testuinguruak egoera hori areagotu besterik ez du egin. Hori horrela izanik, emakume langileok gizarteko subjektu debaluatua gisa, gure egunerokotasunean ondorio latzak bizi ditugu: langabeziak, soldaten jaitsierak, Administrazio Publikoen utzikeriaren ondorioz jasandako zaintza lanen kargak, instituzioekiko dependentzia ekonomikoa nahiz indarkeria matxistaren gorakada.

Azken horri aipamena eginez, ezin dut aipatu gabe utzi emakume langileon bizitzetan indarkeria matxistaren forma berriek edota hipersexualizazioaren normalizazioak zer nolako eraginak izaten dituen. UNICEFek orain gutxi estatu espainiarreko 11 eta 18 urte bitarteko 41.509 gazterekin eginiko ikerketaren arabera nerabeen % 11,4ak bere buruaren eduki erotiko edo sexualak bidaltzeko presioa jasan du eta % 3,7ri mehatxu egin diote bere eduki sexuala zabaltzearekin. Fenomeno honek, emantzipazio erreal baterako aukerak ez dituela ematen eta funtzio despolitizatzailea betetzen du argi ikusi da: batetik, kanon estetiko eta estereotipoak betetzearen presioa handitzen dutelako (gorputzarekiko obsesioa, kontsumo estetiko handia…) eta bestetik, norbere irudiari lehentasuna ematen den horretan, ideologia burgesari berezkoa zaion indibidualismoa areagotzen delako.

Egoera honek beraz, egun instituzioetatik nahiz alderdi politikoetatik arrera ematen diren planteamenduek emakume langileon askatasuna lortzeko helburua izatetik urrun, beraien aurpegiak zuritzeko mekanismo hutsak dira, horren adibide izanik martxoaren 8a.

Martxoaren 8a, 1910ean Clara Zetkinek Emakume Sozialisten Mundu Mailako II. Konferentzian, emakume langileak sozialismora batzeko helburuarekin proposatu zuen egun bat izan zen. Egun hori urteetako konpromiso militantearen ondorio izan zen eta zehazki, emakume langileon nazioarteko egun gisa definitu zen. Konferentziak, hau onartu eta urtero herrialde guztietan antolatzen hasi zen. Honi esker, kapitalak emakume eta gizonak elkarren kontra egiteko prestatu bazituen ere, langile mugimenduetan emakume langileen parte hartzeak erabateko gorakada suposatzeaz gain, sozialismoaren eraikuntzarako aurrerapauso garrantzitsua izan zen.

Aitzitik, egun honek bere norabide osoa galdu du eta horren zergatia instituzio nahiz alderdi politikoek erakutsi nahi diguten berdintasun faltsuaren atzean aurkitu dezakegu; hau da, emakume langileon zapalkuntza mantentzeko ezinbestekoa zaion burgesiaren interesetan. Egoera horren aurrean, beharrezkoa dugu erreformak planteatzen dituzten instituzio nahiz alderdi politikoek noren interesetan lan egiten duten jabetu eta hauek gure bizi-eredu prekarioen gainean duten arduraz jabetzea.

Hori dela eta, ezinbestekoa deritzot martxoaren 8aren norabidea berreskuratzea, hau da; egun hori sozialismoa eraikitzeko baliabide gisa erabiltzea. Izan ere, soilik sozialismoaren bidez amaituko dugu emakume langileon zapalkuntzarekin (eta gainerako zapalkuntzekin) eta inolaz ez sistema zalantzan jartzen ez duten erreformen bidez. Hala ere, beti argi izan behar dugu egunerokotasuneko antolakuntzaren osagarri gisara soilik eman ditzaketela fruituak egun hauek. Horregatik, antolakuntza tresna gisa erabiliz zapalkuntza forma ezberdinen aurka borrokatzeko antolatu behar gara. Beraz, aldarrikapen horiek guztiak oinarrian jarriz, ni neu ere kalean izango naiz egun horretan.

Gora emakume langileon borroka!

Oihane Ibarguren Egibar




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide