Albisteak

[IRITZIAK] Herritarren iritziak kiroldegia lehen aldiz ikustean

Astelehenean kiroldegian egin zen ate irekien egunean jende mordoxka bertaratu zen eta hauetako zenbaiten iritziak jaso nahi izan ditugu lehen bisita egin ondoren.

 

 

 

Patxi Urbieta, 80 urte

“Zestoarako handiegia iruditzen zait, erdia hemen eta erdia Arroan izan beharko luke”.

 

 

 

Jugatz Izeta, 12 urte

“Ederra iruditu zait, berri-berria. Oraindik ordea ezin dudala etorri esan didate adinagatik, 16 urtetik gorakoentzat delako”.

 

 

 

Manex Agirre, 34 urte

“Itxura ona du. Ni kiroldegira ez naiz etortzen beraz, ez nuke jakingo esaten zerbait falta zaion ala ez. Niri munduko kiroldegi onena jarrita ere ez nauzue hemen ikusiko, baina bai, itxura ona du”.

 

 

Jon Alberdi, 35 urte

“Zestoarako egundoko kiroldegia da, gehien kanpoko bistak gustatu zaizkit. Lehengo kiroldegiarekin ezin da alderatu, batez ere, espazio aldetik. Lehen bizikletak eta gimnasioa dena bat ziren, eta orain bakoitzak bere gela du, horrez gain, saunak, aldagela txukunak… Telebistarekin ordea entretenitzeko arrisku gehiegi ikusten dut”.

 

Ainara Garrido, 39 urte

“Niri gustatu zait, nahiz eta gauza batzuk ordaindik errematatu gabe ikusten ditudan, adibidez, aldageletako koxka, ez da aproposa adinduentzat. Gehien gustatu zaidana berrikuntza teknologikoak dira, adibidez, spining-eko klaseak telebista bidez izateak ematen duen flexibilitatea denbora aldetik. Ni Zumaiako Kiroldegian naiz bazkide igerilekuagatik, baina ez naiz aspaldian joan eta Zestoako Kiroldegiaren berrikuntza aukera ona iruditzen zait herrian bazkide egiteko”.

Oihane LarraƱaga, 27 urte

“Ez ditut inguruko kiroldegi asko ezagutzen baina harrigarria iruditu zait, ikusi dudan ederrenetarikoa. Zestoan dauden zailtasunak ikusita taldeak sortzerako orduan, klaseak birtualki jasotzeak denbora aldetik ematen duen flexibilitatea gustatu zait gehien. Zerbait faltan botatzekotan, betikoa, igerilekua. Nahiz eta kiroldegi barruan kirola estatikoki egiten egon, kanpoko bistak eta aurrerakuntza teknologikoek ematen dituzten aukerak ikusita etortzeko gogoa ematen du”.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide