Iturrira sarri joaten zen ontziarena

Idazle batek esana da, eskuko lerroak balira bezala, halaxe dagoela gordeta kale-kantoietan, leihoetan, eskaileratan… iragana edo historia. Mielanjel Aranburuk ez du jakingo –eta hara landetxera gaua pasatzera joaten direnek ere ez– bere etxeko txokoren batean gordeta egon litekeela guk gaur hemen kontatuko dugun historiaren “aztarnaren” bat.

Gaur hemen 1744. urteko auzi bat ekarriko dugu lerro hauetara. Lastima da askotan letra trakets samarrarekin idatzita egotea baina auzi horietako asko abenturazko makina bat nobela baino biziagoak dira, eta benetan merezi du irakurtzea.

Mikaela Esnal, 20 bat urte, Aizarnako Aranburuko neskamea: “Kereila eta salaketa jartzen dut Joan Frantzisko Mendizabal, Aizarnako errementariaren aurka, ezkontzeko promesa egin eta nirekin legez kanpoko harremana eduki duelako”. Azaroaren hasieran aurkeztu zuen salaketa eta, dioenez, irailaren 8tik hor zebiltzan zirrika. Esaera da iturrira sarri joaten den ontzia azkenean puskatu egiten dela eta asko gehiago irakurri beharrik gabe, hor dator notizia: “Y recelo que estoy en cinta de dichos accesos”. Ez zaigu arraroa egiten gertakaria, nahiko gauza ohikoa izaten zen-eta (badira hortik zehar, elizbarrutiko artxiboetan, herriko apaiz bat baino gehiago ere, antzeko egoeratan harrapatuak, hortik atera kontuak).

Garai haietan alkatea epaile ere izaten zen, eta Mikaela Esnalen salaketaren ondoren, segituan abiatu zuen ikerketa, zer gertatu zen jakiteko. Udaleko idazkaria bati eta besteari testigantza jasotzen joan zen gauzak ondo argitu arte. Lehendabizi, Mendizabalen lankideari galdetu zioten. Goazen, pixkanaka-pixkanaka, gu ere auzia “aletzen”.

1744ko azaroaren 3a. Frantzisko Esnal, errementaria.

Frantzisko Mendizabal Lizartzakoak [21 urte] eta Esnalek Aizarnako Alejandro Barrenaren etxean lan egiten dute eta koarto berean egiten dute lo, uztailaz geroztik. Irailaren bederatzi gauean bota zuen faltan lekukoak, lehenengo aldiz, Joan Frantzisko auzipetua eta eguna argitzeko pare bat ordu falta zirelarik iritsi zen logelara. Etxetik kanpo, beste nonbaiten lo gelditu zela, esan zion auzipetuak Esnali (agiriak jartzen du non, baina ezin da ondo irakurri).

Handik lau egunera, irailaren 13an, elkarrekin batera ohera joan ondoren, Joan Frantziskok berriz alde egin zuen gelatik ezer esan gabe, gaueko bederatziak aldera, eta goizeko hiruretan itzuli zen eta ohean sartu zen. Lekukoak lo balego bezala egin zuen baina Mikaelarengana joango zela pentsatu zuen, ordurako zerbaiten susmoa hartuta zeukan-eta.

Handik aurrera, beste bost edo sei alditan alde egin zuen etxetik Joan Frantzisko Mendizabalek, biak elkarrekin lotara joan ondoren. Esnalek pentsatzen zuen bere lankidea Mikaelarengana joango zela, baina inoiz ez zion ezer galdetu, eta eguna zabaldu baino ordubete edo bi lehenago etxera itzultzen zen errementari lanetan hasteko.

1744ko azaroaren 4a. Alejandro Barrena, 36 urte; bi errementarien nagusia.

Alejandro Aizarnako kale-etxeren batean biziko zela uste dugu baina agiriak ez du xehetasunik ematen (agian Errementari etxean?). Barrenak esaten du Joan Frantzisko Mendizabal, bere errementaria, uztailetik dabilela lanean bere zerbitzura. Behin, goizeko hiruretan-edo, Barrenak Frantzisko Esnal beste morroiari dei egin zion, jaiki zitezela bera eta Mendizabal. Esnalek esan zion, ordea, Joan Frantzisko beste nonbaitera joana zela. Hori entzunda, Barrenak pentsatu zuen agian Aranburun egongo zela.

Honaino iritsita, argitu beharra daukagu Alejandro Barrena eta Aranburuko etxekoandrea (Barbara Barrena) anai-arrebak zirela eta, beraz, harreman handia edukiko zuten bi familiek. Ez da, beraz, harritzekoa hori pentsatzea Barrenak, alegia, Aranburun egon zitekeela bere morroia. Beste kontu bat da Esnalek, beste morroiak, buruan zebilzkien susmoak aipatu ote zizkion nagusiari, hau da, Frantzisko Mikaelarengana joaten ote zen susmatzen zuela.

Kontuak kontu, Aranburura bidaltzen du morroia Alejandro Barrenak: “Frantzisko Esnali esan zion baserrira joateko eta galdetzeko Joan Ignazio Aranbururi, bertako jabeari [alegia, koinatuari], Joan Frantzisko auzipetua agian han egongo zela-eta”.

Auzipetua Aranburutik irteten ote zen begira-begira egon bazen ere, ez zuen ikusi Alejandro Barrenak. Handik segituan, Aranburuko nagusia bera joan zitzaion Barrenari etxera eta biak han zeudela, auzipetua azaldu zen. “Hortik aurrera, beste ezer ez dakiela”, esaten du Barrenak.

1744ko azaroaren 4a. Barbara Barrena, Aranburuko Joan Ignazioren emaztea.

Barbara Barrenak esaten du, eguna zabaldu baino lehen, Aranburuko etxe atarira Frantzisko Esnal bidali zutela Joan Frantzisko Mendizabalen bila; bere senarra Joan Ignazio Aranburu (33 urte) irten zela atera, eta Frantzisko Esnalek esan ziola bere lankidea ez zela etxera azaldu, eta Alejandro Barrenak bidaltzen zuela jakiteko ea Aranburun ote zegoen. Orduan, Joan Ignazio, Aranburuko nagusia, sua pizteko egur bila atera zen eta, bide batez, Ajelandro Barrenarekin hitz egitera.

Eta, hala, Barbara sukaldean zegoela, Mikaela neskamea irten zen logelatik eta, edarratik ura edan ondoren, etxeko andreari esan zion berak ekarriko zuela sua piztuko egurra. Barbarak erantzun zion bere senarrak hartua zuela horren ardura. Orduan, Mikaela berriro bere gelara joan zen. Handik denbora pixka batera, eta Joan Ignazio artean etorri gabe zelarik, ate hotsa entzun zuen Barbarak (oyó la testigo el ruido que hizo la puerta de la dicha casa de Aranburu) eta susmatu zuen Joan Frantzisko auzipetua izango zela, Mikaelarekin egon ondoren, baina ez zuela inor ikusi oso ilun zegoelako eta ez zezaten pentsatu zelatan zegoela.

Testigantza horiek denak, pentsatzekoa denez, Cervantesen hizkeran jasoak daude baina sinatu aurretik euskaraz azaltzen zizkieten, argi eta garbi, idazkariak: “Y esto dijo ser verdad y lo que sabe (…) y así se ha dado a entender en lengua vascongada”.

* * *

Gauzak nahiko garbi zeuden, beraz, eta hemen bukatzen da gure abentura. Azaroaren 13an, agindua eman zuen alkateak: “Joan Frantzisko Mendizabal, auzi kriminalean aipatzen dena, herriko kartzelan sartzea eta dauzkan ondasun denak bahitzea”.

Alejandro Barrenak, nagusiak, argitzen dizkigu bere morroiaren “ondasunak”: “Entró a servir el día 8 de julio por tiempo de un año por la soldada de cuatro pesos (…) que tiene en su casa y poder del declarante dos camisas usadas y unos calzones de paño usados y otro mas”. Ezin hobeto adierazi, bi lerrotan, orduko langileen miseria.

* * *

“Abentura” eta “nobela” hitzak aipatu ditugu eta horren kutsua eman diogu, neurri batean, gure kontakizunari. Baina ez diezaiogun dramarik eta larritasunik kendu gertakariari. Hasieran aipatu dugun bezala, ibilera haien ondorioz, haurdun geratu zen gure Mikaela, eta berehala etxetik bota eta Errezil aldera bidali zuten “pekatua” ezkutatze aldera: “Enviaron (…) a la Universidad de Regil a la dicha querellante para apartarla de la comunicacion ilícita, que les aseguraron personas de crédito y buena opinión, que traían la susodicha y dicho Juan Francisco de Mendizabal acusado”. Ez dugu aipatuko hemen, egoera horretan, zer bizimodu latza jasan beharko zuen gure Mikaela gaixoak.

Nik baino hobeto azaltzen du Pio Barojak, zein izan ohi zen atarramentua. Xanti Andiaren kezkak liburuan ageri da, kontakizuna: familia oneko gizaseme batek, Joan Agirrek, haurdun uzten du Shele izeneko neskamea. Hori jakiten denean, Zelestinak, Agirreren amak, eta apaizak inguruko baserri bateko seme tonto batekin ezkontzeko buruzpideak egiten dituzte. Oso gertakari tristea da.

–Ikus dezagun, bada, zein komeniko litzaigukeen [esaten du Zelestinak]. Nik baserrietako familia guztiak ezagutzen ditut… Olazabalgo mutila ezkonduta dago, Olazabalazpikoa oso gaztea da, Endoiakoa Somorrostrora joana da…

–Iturbiden ikazkin bat badago… –esan zuen apaizak.

–Baina horiek basati batzuk dira –erantzun zuen Zelestinak–. Ez dut nahi Shele hara joaterik. Oso gaizki tratatuko lukete.

–Eta Matxin? –galdetu zuen apaizak–. Matxin mutikoa?

–Gure baserrikoa?

–Bai.

–Baina, ez al da ba tontoa mutiko hori?

–A! jakina! Ez dugu, bada, gizon perfektua aurkituko, Hamabiko Konstituziokoen gisakoa.

Bikario jaunak ideia liberalen kontra bromaren bat egiteko baimena hartzen zuen, noizean behin.

Argazkia: Bizente Dávila. Aranburu baserria, orain dela 30 urte.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide