ITXIALDIA

Martxoaren 30ean itxialdiari hasiera eman genion San Juanen, gure zaharrei ahalik eta babes gehiena emateko helburuarekin. Bi aste hauetan 25 langile egon gara bertan konfinatuta, aste banatako bi txandatan.

Ondo gaude denok, birusari aurre egitea lortu dugu oraingoz, baina arriskuak hor dirau. Hau honela izanik, beste 10 egunez luzatuko dugu itxialdia.

Egun hauetan jaso dugun laguntza eta babes keinu guztiak eskertu nahi ditugu bihotzez. Guztia bukatzean izango dugu eskerrak behar bezala luzatu eta denok batera elkartzeko denbora, baina orain lanean gogor eta arduraz jarraitu behar dugu.

Jon Maia bertsolariak eskainitako bertso batekin agurtzen gara. Laster arte.
(doinua: Itsasoari begira)

San Juan Egoitzan zaudeten denak
gure barne txalo hotsez.
Omendu asmoz doa bertso hau
herriko ehunka ahotsez.
Elkar zaintzeko garaia da hau
orain bezela inoiz ez…
eredugarri ari zerate
eskuzabal etxe gosez…
Eskerrik asko, behin eta berriz
Eskerrik asko bihotzez.

Jon Maia