Albisteak

Jakin mina piztu du energia berriztagarrien komunitateen inguruko hitzaldiak

Aitor Ossa eta Alazne Arruti atzoko saioan.

Zestoan energia berriztagarrien komunitate bat sortzeko bidean lehen hitzaldia eskaini zuten atzo Aitor Ossa eta Alazne Arruti Goiener energia kooperatibako kideek. Jakin mina piztu zuen gaiak eta 40 herritar inguru bildu ziren Alonderon. Saioaren lehen zatian, Goienerren jardunaren inguruan aritu ziren eta bigarrenean, energia komunitateen inguruko azalpenak eman zituzten.

Udalaren asmoa, Zestoan energia komunitatea garatzeko proiektua martxan jartzea da. Proiektuaren helburua, Zestoan komunitate energetikoa sortu eta epe ertainean herrian eraikiko diren energia berriztagarrien guneak komunitateak berak kudeatzea da. Behin komunitatea sortuta, bertako bazkide izateko aukera zabalduko da eta bazkide den orok herrian ekoiztuko den energiaz hornitzeko eskubidea izango du. Horrela, “burujabetza energetikoaren bidean lehen harria jartzen” hasiko direla nabarmendu du erakundeak.

Goienerreko kideen esanetan, horretarako, “ezinbestekoa” da herritarren parte hartzea. Beren helburua, gizartea energia gaietan ahalduntzea dela azaldu zuten eta energia komunitateei esker ahalduntzeko tresna hori badutela. Gainera, prozesu horretan formazioa eta informazioa behar beharrezkoak direla azpimarratu zuten. Gaiaren inguruko lehen hitzaldia izan zen atzokoa baina Mikel Arregi Ertxin alkateak adierazi zuen, aurrerantzean, hitzaldi zikloak antolatzeko asmoa dutela, komunitate hori sortzeko bidean.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide