Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

Kosta egiten zait batzuetan atal honetarako elkarrizketatu dezakedan zestoarrak topatzea. Horrelakoetan jabetzen naiz herrian urte batzuk badaramatzadala eta jende asko ezagutzen dudala, baina gehienen kasuan ez haien bizitza eta iragana. Oraingoan, ordea, bonbilla piztu zitzaidan Anerekin. Miresten dut buruan dabilkiena egitera ausartzen den jendea, proiektuak martxan jartzen dituena, saltsetan sartzen dena. Eta Ane bada horietako bat.
Niretzat Aizarnako Ane zara, baina Azpeitikoa zara. Nola iristen da Aizarnara 20 urteko azpeitiar bat?
Tira, hemeretzi urte dira Aizarnara etorri nintzela eta 39 urte ditut, beraz, Aizarnako Ane izenez ezagutzeko adina denbora badaramat hemen! (Barrez). Ikasle pisuan bizi nintzen Eskoriatzan, Unibertsitateko ikasketak egiten ari nintzen bitartean eta ordurako Jonekin nenbilen. Alkateko etxea, Jonen familiako etxea berritu zuten urte batzuk lehenago eta sei etxebizitza atera zituzten; horietako bat Jonek hartu zuena. Nik garbi neukan amaren etxera ez nuela itzuli nahi, behin etxetik kanpora bizitzen ikasita, beraz, Aizarnara!
Zorte kontua ere izan zen, orduan.
Bai, beno, etxearen berritze hori parean tokatu zen, bai, baina ez nintzen batere disgustura etorri. Landa eremua asko gustatu izan zait beti. Ni kaletarra izanagatik ere, aita-amak baserrikoak dira (Atzerrekakoa bat eta Beizamakoa bestea), nahiz eta fabrikara joan ziren gero lanera; eta umetatik izan dut bi baserriekin harremana.
Handitik txikira lekualdatu zinen.
Herri txikiko bizimodua gustatzen zait. Denetik dago! Lasaitasuna, patxada… Gauza batzuk oso komunitatean egin beharra tokatzen da. Herri-hiri bateko zerbitzurik ez dago eta gehiago elkartu beharra tokatzen da. Niri gustatzen zait, baina eskatzen du gehiago harremandu beharra. Herri-hirian inpertsonalagoa da. Aizarnan zerbait egiteko gogoa badago elkartu, pentsatu, bilatu… egin behar da.
Aizarnan nahiko erraz sartu nintzen. Egia da Jon bertakoa izanda desberdina dela. Ez genuen biok Aizarnan aterrizatu, eta hor alde handia dago. Jonek bazuen ingurua. Eta ni ere ez dut uste lotsatia naizenik.
Gustatzen zaizkit herri txikietako harreman horiek, adin nahasketa hori… Eta eskola buelta horretan ere egiten duzu beste inguru bat gero umeekin.
Eskola bada herri txiki baten pizgarri.
Bai, pizgarri den neurrian buruhauste edo mamu ere bai. Alegia, beti da beldur moduko bat edo kezka iturri umeen jaiotza eta matrikulazio berriena. Ni etorri nintzenetik hala da. Azken etxeak egin zirenean 12 bizitza egin ziren, eta hor urte politak egon dira; baina harrezkero ez da etxebizitza proiektu gehiago egon eta ikusten da hor badatorrela hutsunea. Ez momentu honetan agian, baina… Aurten ez da inor hasi 2 urteko gelan, adibidez. Hezkuntzatik badago presio moduko bat: “matrikulaziorik ezean…”. Eta hori Aizarnarentzat gakoetako bat da. Bizitza handia galduko luke eskolarik gabe.
Etxe berriak egitea izan liteke hartu beharreko neurri bat?
Modu ordenatu eta errespetuzko batean egingo badira, uste dut baietz. Ez dit beldurrik ematen, proiektua Aizarnarako jasangarria bada. Zein da beste aukera, postala ukitu gabe mantentzea? Horrek ez du irtenbiderik ekarriko. Ez dut esaten izugarrizko etxe pilak egitea, baina lauzpabost etxebizitza berri?
Begiratu Udal berdineko bi auzoei: batean ehunka etxe eta bestean zero. Hor ikusten da merkatuaren indarra. Eta, akaso, agian horretan ez gara ari asmatzen politiketan. Eta agian ez da hain sinplea izango, baina zerbaiten beharra badago.
Herri txikiak bizirik behar ditugu, apustua egin behar dela uste dut. Badakit ez dela merkatuari begira apusturik gozoena; baina hor ikusten da zerk agintzen duen, zer gailentzen den. Ez al da tokatzen fitxa batzuk mugitzea igual?
Herrian lan eta bizi, zuen leloa izan liteke.
Tira, asmo horrekin ekin genion Ertxin Eko gure proiektuari orain hamaika urte.
Nola gogoratzen duzu hasiera hura?
Jonek ikastaro batzuk egin zituen eta hasi ginen gure proiektua pentsatzen gure aktibitatearen parte bat abeltzaintzara bideratzeko. Lehen pausua Lurgintzatik egin genuen. Formazioa jaso, harremanak egin… Ezagutu genuen Arizkunen oilategi bat martxan zuen pertsona bat, ekologikoan aritzen zena, pioneroa, Nafarroako EHNEn ibilitakoa. Haren oilategia ikusi genuen eta zerbait erreala ezagutzeak ere ematen dizu beste bultzada bat.
Garai batean oilategia izandako nabe bat alokatzeko aukera suertatu zitzaigun Aizarnan, ondoko baserritarraren lur-eremu bat erabiltzeko aukerarekin batera. Behin instalazioak lortuta, aktibitatea martxan jartzeko GazteNek programan sartu zen Jon. Nekazari gazteak instalatzen laguntzeko programa da. Baldintza batzuetara lotzen zara etab., baina inbertsiorako laguntza bat da. Bestela ia ez da bideragarria.
Eta hor iristen dira lehen oiloak Aizarnara.
Seiehun oilo. Kontziente ginen, 600 oilo horiek sartzen genituenetik aste batzuetara seiehun arrautza jasotzen hasiko ginela egunero. Zuzeneko salmentaren apustua egin nahi genuen. Guk nahi genuen gure produktuaren prezioaren jabe izan. Eta ez pentsa, izan genituen eskaintza batzuk zenbait kate handirenak eta tentatuta ere egon ginen, salmenta kentzen duzu tartetik… baina ezetz esan genuen.
Urki, semea, ordurako jaiota, motxilan hartu eta dendaz denda hasi ginen begira, inguruko denda txikietan ea zer zegoen. Ikusi genuen arrautza ekologikoen falta bazegoela. Beraz, eskaintzak egiten hasi ginen, guk bagenuela arrautza ekologikoa, eramango geniekeela, eta batzuk baiezkoa ematen hasi zitzaizkigun. Gure poza!
Gaur zuen oilategia eta lurrak dituzue. Nola iritsi zarete honaino?
Gureak izango ziren lur eta oilategia geneuzkan beti buruan. Ateak jo eta jo, suertatu zitzaigun bi hektareako partzela erosteko aukera. Guk behar genuen tamainakoa. Pinudi bat zen, malkartsua, dena egiteko, baina gure ilusioa izugarria izan zen.
Hor inbertsio ekonomiko eta emozional handia egin genuen.
Eta hortik pixka batera oilategiaren segidako sei hektareako lursail bat erosteko aukera suertatu zitzaigun; baina aktibitate horri lotutako lana ere gehitzea suposatu zuen horrek, eta birentzako soldata ateratzeko justu!
Ordurako Izeia, alaba ere jaiota, kanpoan lan eginez…
Urte oso politak izan dira e, baina intentsitate handiko garaiak ere bai. Beraz, apustua egin beharra geneukan eta bigarren aldiz GazteNek programara aurkeztea erabaki genuen, oraingoan niretzat. Bost urte ematen dituzte inbertsioak egiteko eta horretan ari gara momentu honetan, enpresan bigarren inkorporazioa egiteko.
Zer esan nahi du horrek?
Ondoko lurra eskuratuta, ate berriak irekitzeko asmotan hasi ginen. Sagarrekin tentatuta ibili ginen, baina gure lurrak harkaiztsuak dira eta Biolurretik gomendatu ziguten fruitu txikiak izan zitezkeela egokiak. Hortik etorri da ahabien ideia. Aurreko udazken-negua pasa dugu landaketak egiten eta aurretik, uda, lurra egokitzen: lurra goldatu, azufrea bota, ph-a neurtu… 500 landare sartu ditugu eta beste 200 bat dauzkagu sartzeko.
Asmoa da arrautza dibertsifikatzea ahabiarekin eta gure merkatu horretan zabaltzea ahabia freskoan edo marmelada eginda.
Eta norbaitek esan dit proiektua jendeari zabaldu nahi diozuela, edo horrelako zerbait.
Txori txiki asko ibiltzen dira Zestoan! (barrez). Umeei begirako bisitak dauzkagu buruan. Azkena lortutako lursail hori polit-polita da, zoragarria umeekin zerbait egiteko!
Tailerrak, bisitak, eta antzekoak egitea da asmoa, eskoletako umeei begira; baina antolaketa pixka bat ere eskatzen du horrek. Mendiko espazioa da eta behar genuen aterpe bat, eguraldi txarra eginez gero babesgune bat. Aterpe horren lehen fasea eginda daukagu eta orain espazioa egokitu (eraldatu gabe, parke artifizialik gabe), umeentzat erakargarri egin eta forma ematea da kontua. Animaliak ere presente nahi ditugu, baina erosoa eta segurua izatea nahi dugu, badakigu beldurrak egoten direla… Eta pixka bat pentsatu behar dugu nola eta zer egin.
Sakona Komuntzo etxalde ekologikoan aritu zara azken aldian bisita gidatuak egiten haurrekin, ezta?
Horrek eman dit esperientzia errealak bizi eta gurea antolatzeko ideiak biltzeko aukera. Leku oso polita daukate eta Azpeitiko eskoletatik eskaerak izan dituztenez, ni ibili naiz bisita gidatuak egiten. Zirkuitu bat prestatu genuen, zentzu pixka bat eman elikaduraren inguruan, ekologikoan ibiltzea zer den azalduz, gizakion oinarrizko beharra dela elikatzea, elikagai batzuk ekarri eta besteak hemen sortzen direla kontatzea…
Nirea horixe da! Landa-eremuan umeekin partekatzea.
Amillubi proiektuan ere buru-belarri zabiltzate.
Ez da gure aktibitatearekin zuzenean lotuta dagoen proiektua, baina sektoreari bultzada bat ematera dator, sektorearen behar batzuei

erantzutera (agian oraingoz gehiago nekazaritzari). Biolurren proiektu bat da, gu bazkide gara, eta elkarteari eta sektoreari baliabideak ematen dizkio, dauden beharrei modu kolektibo batean aterabidea emateko aukera irekiz.
Horrelako proiektu bat, etxe ondoan… sartu beharra geneukala sentitzen genuen.
Ordainketa fasean jarraitzen dugu oraindik, baina bitartean hasita gaude aktibitatearekin. Lehen diru-bilketa hartan jaso dugun babes ekonomiko eta emozionala izugarria izan da. Jendeari zerbait piztu dio eta orain, kontatzen aritu garen horri bizia ematea tokatzen da, proiektu errealak martxan jartzea. Hasita gaude formazio saio batzuk egiten, porru landaketei ere ekin diegu, artoa eta babarruna ere bai, hazi mintegiak egin dira Biolurreko nekazariei hazi ekologikoak bermatzeko (alberjinia, ilarra, brokolia…), adibidez.
Biolurrek biltzen dituen okinek ere, esaterako, garia erein eta ondoren uzta biltzeko traktoreak sartzeko oso egokiak ikusi dituzte lurrak, eta horretan aritu dira; bertako gari zaharrak berreskuratzeko asmoarekin batera.
Gehiegi gerturatu ez den jende batek pentsa dezake interes partikularrak daudela hemen.
Interes orokorreko proiektuei bideratutako baliabide bat izango da, Gipuzkoa mailan sektorearen behar batzuei erantzuteko: errelebo falta, lur falta… baina gizarteak ere behar batzuk baditu, elikadura beharra tartean. Eta ez da interes partikularreko proiektu bat. Guk, adibidez, Aizarnan daukagu gure proiektu partikularra eta Biolurreko besteek bereak dituzte. Amillubik behar orokorrei eta kolektiboei erantzun nahi die.
Lur horrek, gainera, diote badituela ezaugarri indartsuak nekazaritzarako. Zestoa eta Iraeta, Gipuzkoa mailan, oso leku estrategikoan kokatuta daude. Eskualdean hartu du indarra gai honek eta proiektu interesgarriak martxan jarri dira, esaterako, Elikagunea. Kontsumitzaile eta ekoizleak elkartzen dituena. Eskualdea erreferente potente bat izan daiteke.
Orain proiektu zehatzak egiten hastea da kontua. Ni oso pertsona errealista naiz eta behar ditut gauza errealak ikusi, teoriatik harago; baina hori ere iritsiko da. Erreferenteak baditugu, Iparraldeko Lurzaindia, kasu. Eta haiek dira gure iparra, bai baitituzte praktika errealak abian.
UEMAn aritua zara, euskara irakasle ere bai… Zuen oiloek euskaraz hitz egingo dute!
Gaurko panorama ikusita, akaso oiloek ere youtuber izan nahiko dute laster eta erdaraz mintzo! (barrez). Euskararen egoeraz galdetzen badidazu, panorama ez da oso polita, ez? Ni izatez nahiko baikorra naiz, baina adituek eta azken ikerketek nahiko jarrera ezkorra dute.
Arrazoia zein izan daitekeen ez dakit oso ondo, baina uste dut datozen belaunaldietan jarri behar dugula fokua. Nola erakarri. Ondo egiten ari al gara? Geroz eta kultura nahasketa handiagoa dago, bai, baina nik fokua belaunaldi berri horietan jarriko nuke, belaunaldi berriak ondo hartu behar ditugula, atseginak izan harrera horretan, erakarri.
Pantailen gaia sartu beharko genuke ekuazioan, ezta?
Noski! UEMAn ibili nintzenean, gehien bat umeei begirako lanean, aipatzen zen ze inportantea den haurtzaro txiki edo hasierako urte horietan, kontsumo horiei lotuta, euskara presente egotea bizipen positibo horietan. Emozioa zerk sortzen digu? Kantuak, dantzak, pelikula batek… Bizipen horiek euskaraz bizitze horretan ere jarri behar dugu begia. Emozio positiboen poltsatxo hori euskaraz betetzea. Eta ez erakargarri eta estimulatzaile den guzti hori erdararekin lotu.
Hizkuntza hegemoniko batzuen ondoan ari gara gure txikitik eta hizkuntza hegemoniko horiek, noski, pantailetan ere hegemonia lortzen dute. Indarra dute. Lortzen dute erakargarritasuna, atentzioa. Abiada bizian eduki batetik bestera salto egiten duen zabor pila, bai, baina gantxoa duena.
Eta guk, euskal komunitate bezala, horren aurrean zer egin dezakegu?
Ba agian guk ere sortu beharko dugu zabor pila pixka bat euskaraz.
Bai?
Ez dakit! (barrez). Oso zaila da. Eduki txukunez bete nahi duzu, baina hori ez da hain erakargarria izango. Dakidana da belaunaldi berriak hor dauzkagula, influencer izan nahi dutela eta euskarak behar du hor bere lekua egin. Akaso zabor pilarik handiena egin gabe, baina garaira egokitzen jakin. Behar ditu espektakuluak.
Hitz egiten didazu Mitoaroan egondako baten emoziotik.
Bai! (barrez berriro). Etxeko lauok izan ginen Donostian Zetak ikusten. Horrelako espektakuluak behar ditu euskarak, uste dut, lehen esan dudan emozio positiboen poltsatxo hori betetzeko. Horregatik joan ginen lauok, iruditzen zitzaigulako egon behar genuela. Eta ze gustura! Kaskoak jantzita, flipada bat, ez? Baina euskaraz.
Itsaso Zubiria