Albisteak

Jon Egigurenek ‘Aizarnako festak’ liburua aurkeztu du

Jon Egigurenek ‘Aizarnako festak bere hirugarren argazki liburua aurkeztu du gaur goizean liburutegian. Egigurenek 2011 eta 2023 urteen artean Aizarnako festetan ateratako 250 argazkitik gora bildu ditu lanean. Aizarnarrak azaldu du kaleratu berri duen liburua osatzeko, Udalari laguntza eskatzea erabaki zuela, eta horrela, liburuaren merketu du. Udalaren laguntza baliatuta, aurreneko liburua ere berrargitaratu du, hainbat baserri berri gehituta.

Tiradari dagokionez, 40 liburuko tirada atera da eta 40 euroko prezioa izango du. Behin aurreneko tirada hau agortzen denean aztertuko da, eskarien arabera, gehiago atera edo ez, baina ezin da ziurtatu salneurri bera izango dutenik, ziurrenik garestiago izango dira. Asteburuan jarriko ditu jada salgai Egigurenen liburuak Aizarnako Aranburu eta Konpittero jatetxeetan.

Egiguren Aizarna.com webgunearen arduraduna da eta aspaldidanik ari da informazio eta argazkiak biltzen bere atarian. Izatez mekanikaria da, jubilatuta dago, eta teknologia oso gustuko du. Hortik datorkio argazkigintzarekiko afizioa. Kamerek nola funtzionatzen zuten ikasi nahian erosi zuen gaztetan bere aurreneko argazki kamera; aspaldikoa du, beraz, afizioa. Mekanikari lotuta, herriko auzolan taldean ereĀ  lan asko egindakoa da, erlojuak eraberritzen, esaterako.

2012an atera zuen bere aurreneko liburua, batez ere 1983tik 2011 urtea bitartean ateratako baserriekin osatua. Ondoren, Gipuzkoako parrokia zaharrak liburua argitaratu zuen. Gipuzkoako elizei argazkiak ateratzen hasi eta denak ateratzea ia ezinezkoa zela konturatu zen. Horregatik, 1900 urtera arteko parrokien zerrenda aurkitu zuen eta han agertzen diren parrokien argazkiekin osatu zuen tarteko bilduma. Proiektuaren aitzakian Gipuzkoako herri eta eliza asko ezagutu ditu Egigurenek. Zenbait herritara behin baino gehiagotan joan behar izan duela ere adierazi du argazki txukunak ateratzeko.

Aurrera begira, epe laburrean behintzat ez daukala beste libururik argitaratzeko jarraitzeko asmorik eta, Udalean eta liburutegian utzi ditu argitaratutako hiru liburuak, herritarren eskura.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide