Albisteak

Jubilatuen elkarteak aurkeztutako mozioa onartu du Udalbatzak

Zestoako Gurutze Jubilatu Elkarteko kideek aurkeztutako mozioa onartu du Udalbatzak. Hilaren 12an Udaleko areto nagusian bildutako 10 korporakideren aldeko bozkarekin onartu zen Bixente Olaizola Jubilatu Elkarteko kideak irakurritako ondorengo idatzia:

    1. Azken urte hauetan, gure pentsioak ez dute izan KPIaren igoerarik (azken hiru urte hauetan %25), ondorioz ahalmena galdu eta gure bizi-baldintzak okerrera egin dute.
    2. Pentsioak adinekoen soldata izateaz gain, herri honetako familia askoren sostengu dira, dagoen lan prekarietatearen erruz, pentsioen murrizketak herriko familia askotan izaten du eragina.
    3. Bereziki aipatzekoa da, emakume alargun eta bakarrik bizi direnen egoera, jasanezina egiten zaie,  bizitzeko oinarrizko beharrak (argi indarra, gasa, etab.) ordaintzea.
    4. Pentsioen kaxa hustu egin dela, etab. entzuten dugu. Gure ustez, honen atzean, PENTSIO PRIBATUAK  bultzatzeko asmoa dago. BANKUEN intereserako. Uste dugu arazoa ez dela dirua dagoen ala ez, Espainiako GOBERNUAREN erabaki politikoa baizik. Guk garbi dugu: PENTSIO PUBLIKOAK izan ezean ez dugu inungo bermerik.
    5. Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutunak ezartzen duen 1080 euroko gutxiengo pentsioa onartu dezatela, duela gutxi, 80.000 sinaduraren bidez EAE, eta Nafarroako Legebiltzarretan eskatu bezala. Eta pentsioen urteroko igoera KPIaren araberako a izan dadila.
    6. Sor dadila, gaurko eta biharko pentsio publiko duinak eta menpekotasunean daudenen zaintza bermatuko dituen Babes Sozialeko sistema propioa.
    7. Goian aipatutako eskaera eta kezkekin bat egitea eskatzen diogu Zestoako Udalari. Zentzu honetan pentsiodunak antolatzen dituzten ekimenetan parte har dezala eta bere esku dagoen guztia egin dezala eskatzen ditugun hauek bete daitezen.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide