Albisteak

June Landa: “Jendea kutsatzen, gaixotzen eta hiltzen ari da”

June Landa Donostia Ospitaleko Farmazialaria da eta Idoia Larrañagak koronabirusaren inguruan emandako ikuspegiari erantzun nahi izan dio. Lehen pertsonan bizi du ospitaletako errealitatea eta geroz eta okerragoa dela salatu du. Uztaila bukaeratik ari dira gaixoak ingresatzen ospitalean eta egunetik egunera gehiago dituztela azaldu du. Landak garbi utzi nahi izan du birusak geure artean jarraitzen duela: “Jendea kutsatzen, gaixotzen eta hiltzen ari da”. Ondorengo testua berak idatzi badu ere, herrian bizi edo lanean diharduten hainbat osasun langile Landarekin bat datoz eta euren babesa erakusteko testua sinatu dute Amagoia Andres Olaizola (Zumaiako Lehen Mailako Arretako Pediatra), Ana Errasti Muguruza (Azpeitiko Lehen Mailako Arretako Unitate Burua), Itxaso Martí Carrera (Donostia Ospitaleko Neuropediatra eta EHUko Medikuntza Irakaslea), Naiara Campos Morey (Zestoako Lehen Mailako Arretako Familia Medikua) eta Sinesia Caballero Pérezek (Donostia Ospitaleko Gestio Sanitarioko Medikua). Hemen duzue June Landak egindako idatzia:

 

Pasa den abuztuaren 11n Idoia Larrañagak argitaraturiko bideoaren harira, beste ikuspuntu bat aurkeztea egokia dela iruditu zait. Puntu asko jorratzen dira bideoan, eta guztiak aztertzen ez naiz hasiko (luze joko lidakelako), baina garrantzitsuenak iruditu zaizkidanei helduko diet.

 

Lehenik eta behin, ni neu, Donostia Ospitaleko osasun langilea naiz, eta beraz lehen pertsonan bizitzen ari naiz, COVID-19aren nahasmen hau, hau dena hasi zenetik laneko egunerokotasuna bilakatu baita niretzat. Honenbestez, nire lantokian bizitzen dudanaren ikuspuntua emango dut, ez Madril, Milan edo Pekingo ospitale bateko errealitatea.

 

Epidemia ala pandemia? Egia esan berdin dit zein definiziotan sartzen den, definizio bat besterik ez baita, gizakiak jarritakoa. Gaur kriterio batzuk dituena eta agian bihar beste batzuk izan ditzakeena. Ez gaitezen aldendu errealitatetik, oinarrian, birusaren zabalkundeari, pertsonen gaixotzeari eta heriotzari erreparatu behar zaio, zenbakiak nahikoak diren pandemia edo epidemia den esateko baino.

 

Gripea eta COVID-19aren kurben antzekotasuna: kurbak antzekoak direla diozu. Gripearen epidemiak urritik martxora irauten du eta pikoa urtarrila inguruan izan ohi da. Gure zainketa intentsiboen unitateak (ZIU) ia 50 ohe ditu. Gripearen momentu gorenean gehienez ere 10 gaixo egon ohi dira ingresatuta ZIUn.  COVID-19ak hilabete bakar batean unitate osoa kolapsatu du, ohe gehiagarriak kirofanoetan irekiaraziz. Bi kurbak ez dira inolaz ere berdinak, konfinamendurik gabe, COVID-19aren kurbak goraka jarraituko luke oraindik, inmunitate kolektiborik oraindik ez dagoelako. Martxoaren hirugarren astean 200 gaixo inguru genituen ospitalean ingresatuta, eta oheak hiru egunetik behin bikoizten ziren. Astebete beranduago konfinatu izan bagina, 800 ohe beteta izango genituen, eta pentsa zer suposatzen duen 1100 oheko ospitale batentzat, KAOS totala. Bestalde, gripe garaian, ospitalean gehienez planta gehigarri bat irekitzen da, eta INOIZ ez dira bestelako osasun zerbitzuak eteten (kirofanoak, kontsultak, eguneko ospitaleak…).

 

“Maiatzak 22tik aurrera kurba planoa da, lurrazpitik dago”, diozu. Hori konfinamenduari esker izan zen. Bi hilabete t’erdi etxean egon ondoren, egia da birusaren transmisioa ia desagertu zela, eta horri esker bizi ahal izan dugu kaleko “normaltasuna” hilabete pasatxoan. Zoritxarrez egoera hau gaur egun bestelakoa da.

 

Errealitate ukaezin bat dago, jendea kutsatzen, gaixotzen eta hiltzen ari dela. Ez dakit zehazki noiz grabatuta dagoen bideoa, baina uztaila amaieratik ari gara gaixoak ingresatzen ospitalean, eta geroz eta gehiago ditugu. COVID-19aren ondorioz neumonia larria eta arnasteko zailtasunak dituzten gaixoak dira. Birusaren transmisioa esponentzialki haunditzen doan heinean, ospitaleratzeak ere bide berdina jarraituko dute, sistema kolapsatzeraino neurriak hartu ezean. Beraz, ospitaleetan inor ez dagoela esan aurretik, mesedez kontrastatu informazioa, gezurrak hanka motzak baititu.

 

Argitu nahi dudan beste puntu bat, PCRa eta diagnostikoari buruzkoa da. PCRaren sortzailearen hitzak kontestutik aterata daude foro desberdinetan, eta gaur egun, PCR proba gaixotasun infekzioso ugari detektatzeko erabiltzen da, Pneumocystis, Rhinovirus, Rotavirus, Citomegalovirus, Herpes edota gripea batzuk aipatzearren. Gure ospitalean 100 gaixotasun infekziosotik gora detektatzen dira PCR bidez, eta ezinbesteko proba diagnostikoa da. PCR positiboak, birusaren material genetikoaren presentzia adierazten du. Eta negatiboa baldin bada, bi aukera daude, batetik birusik ez izatea, eta bestetik, birus kantitatea baxuegia izatea proba honen bidez detektatzeko. PCR positiboa dutenen artean, batzuk gaixotasuna ez dute garatuko (asintomatikoek) eta beste batzuk, bai (sintomatikoak). Beraz, gaixotasuna diagnostikatzeko, gaixoak dituen sintomei, odol analisiei, irudi erradiologikoei… begiratuko zaie, osotasunean.

 

Bestetik, asintomatikoak garaiz detektatzearen garrantzia aipatu nahiko nuke. Esan bezala, koronabirusa dute gorputzean, eta honenbestez, ingurukoak kutsatzeko gaitasuna. Horregatik, beharrezkoa da neurriak hartzea. Giza gorputza makineria ia perfektua da, baina guztiek ezingo diote gaitzari aurre egin. Darwinen eboluzioaren teorian oinarrituz, ingurunera egokituenak daudenak biziraungo lukete. Prest gaude gizarte bezala, gaur egungo medikuntzak dituen aurrerapenei eta baliabideei muzin egin eta giza gorputzak duen inmunitateaz soilik baliatuz, daukagun egoerari aurre egiteko? Eta bidean gelditu direnak? Eta geldituko direnak? Koronabirusaren ondorioz gaizki pasako duten/hilko direnen artean maite duzuen norbait baldin badago? Iritziz aldatuko zenukete?

 

Txerto eraginkor baten zain gaude, gaixotasunari aurre egiteko aukera bakarra dirudielakoan. Baina denborak eta ebidentzian oinarritutako medikuntzak soilik emango digute erantzun hori. Historikoki txerto desberdinak sortu dira, eta batzuei esker zenbait gaixotasun erradikatzea lortu da, milioika heriotza eragin zituen baztanga esaterako (erderaz viruela). Kutsatzen ziren erdiek soilik bizirauten zuten eta askotan ondorio larriekin (itsutasuna esaterako). Gure inmunitatea ez da zeharka ezina. Diozun medikuntza naturalaren garaian jende gehiago hiltzen zen, bizi itxaropena gaur egungoaren erdia zelarik. Hobekuntza hau, batez ere, gaixotasun infekziosoen ezagutza hobeak ahalbidetu du. Horretarako, higienea eta medikuntzaren aurrerakuntza ezinbestekoak izan dira (batez ere, antimikrobianoen garapena eta txertaketa unibertsala). Akaso ekidin diren heriotza horiek ez dira balizkoak?

 

Koronabirusaren txertoaren inguruan, argi dago interes ekonomiko eta politiko ugari daudela, baina horrek ez du errealitatea ezkutatzen, gaitza hor dago eta txertoa beharrezkoa da.

 

Garbi dagoena da, gizarte bezala denok batera ez badugu aurrera egiten, etorkizun zaila datorrela.

 

Txuria eta beltzaren artean grisez jositako paleta ikaragarria dugu. Kontatzen diguten guztia ez da gezurra, eta “fake news”-en aro honetan gure esku dago informazioa filtratu eta irakurketa kritiko bat egitea. Beraz, izan zentzudunak, guztion osasuna jokoan dago eta.

 

June Landa Alberdi – Donostia Ospitaleko Farmazialaria

 

Testua nik idatzi dudan arren, herrian bizi diren edo lanean diharduten hainbat osasun langileren babesa izan dut, eta guztiok sinatzen dugu:

 

Amagoia Andres Olaizola – Zumaiako Lehen Mailako Arretako Pediatra

 

Ana Errasti Muguruza – Azpeitiko Lehen Mailako Arretako Unitate Burua

 

Itxaso Martí Carrera – Donostia Ospitaleko Neuropediatra eta EHUko Medikuntza Irakaslea

 

Naiara Campos Morey – Zestoako Lehen Mailako Arretako Familia Medikua

 

Sinesia Caballero Pérez – Donostia Ospitaleko Gestio Sanitarioko Medikua




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide