Paperekoa

KAFE-OBREROA – Jon Artano

Hil beharrean dago. Eguneko erritu sozial espektakularrena zen. Gaur azken mohikanoak baino ez dira elkartzen bazkalosteko kafea tabernan hartuz. Zestoan peria hil eta gerotxoan ere jarraitu zuten baserritar jende batzuek peri-egunean elkartzen mokadua egiteko, ba tipo horretara. Baratzean jarduteko jendeak hartu duen afana ikusita ezin jakin seguru; baina ez du ematen peri-eguna bueltatuko denik, eta ez du ematen kafe-obreroa berpiztuko denik. Ez dira betiko garai onenak.

Ez naiz egokiena kafe obreroa zer den deskribatzeko, ni ez naizelako kofradia horretako kide-kidea izan. Baina usaina behintzat hartu genion. Hamairu-hamalau urte genituela hasi ginen Uztapiderenean kafea hartzen. Gixon plantak egiteko 115 pezta juntatzea baino ez zen behar. Gero kafea edan behar zen, horixe trago txarrena, baina pasatzen genuen eztarrian esne pixka bat eta azukre mordoa jarrita. Hura zen antropologo batentzat mamaxa. Gizon mordoa, gizonak bakarrik, hankartean apenas ilerik atera gabekoak batzuk eta buruan apenas ilerik geratzen zitzaienak beste batzuk. Denak kafea hartuz eta builan. Panparroikeriak, xextra, ateraldiak…. anbientea bibrantea izaten zen ordubete-ordu t’erdian, jendea tailerretara taldetxotan joaten hasten zen arte. Zestuarrismo dotrina han hartu eta ematen zen. Tertulia literario hartan ere bazeuden maisuak, katedratikoak, adinagatik eta pertsonalitateagatik arreta bereganatzen zutenak. Horko adar-jotzeak eta hura katxondeoa. Eta mordo batek porroa piztuta, hura laino-itsua egoten zena. Atzora arte izan zen horrela esate baterako; ez dira Pio Barojaren garaiko kontuak.

Joandako garaiak ez dira beti hobeak, eta hura ere ez zen perfektua, jakina. Aukeran haxis askotxo erretzen zen, seguru asko. Eta harreman intergenerazionala oso aberasgarria da beti; baina mutilek bakarrik ote zuten eskubidea hori gozatzeko? Bada ordea ukaezina den ondasun bat, gastatu egin zaiguna kafe-obreroa ahuldu ahala: Kafe baten jiran egunero elkarrekin patxadaz egoteko ohitura osasuntsu hori. Kontuak esan eta kontuak aditzeko denbora hartzearena. Lujoa ematen du hori egin ahal izateak.

Jon Artano




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide