Kalkulatu ezin dugun batuketa izugarri bat

Incendios antzezlana eskaini dute oraintxe arte Madrilen, Abadia antzokian, eta asteburu honetan ikusi ahal izango da Donostian. Zartateko izugarri bat da guretzat, bizimodu lasai, “demokratiko” eta trankil bat dugunontzat; guretzat, mendebaldeko txoko honetan gerrarik gabe, goseterik gabe, indarkeriazko migraziorik gabe, errefuxiatu-esparrutan kartzelatu gabe, genozidioetatik salbu bizi garenontzat. Libanoko gerra (1982) du oinarri antzezlanak, eta, hala ere, oso hurbileko kontua egin zitzaidan Incendios hura ikusi nuenean, eta egun hauetan, Memoriaren Eguna edo dena delako hori hurbil dugun hauetan, are eta aproposagoa iruditu zait Aztarka honetara ekartzeko.

Incendiosen bezala, indarkeriazko espiral edo gurpil zoro ikaragarri batean bizi izan gara, urtetan eta urtetan, gure Euskal Herri honetan ere: batek (eman dezagun ETAk) indarkeria erabili du egoera salatzeko edota konpontzeko, eta horrek besteari (eman dezagun Estatua edo GAL) “aitzakia” eman dio are eta gogorrago erantzuteko. Gogorrago erantzuten duen horrek (esaterako, Estatuak), nolabait esateko, bidea ireki dio besteari (ETAri) berriro erantzuteko. Eta horrela, konturatzerako, inolaz ere ezin izan dugu geldiarazi gurpila, eta oinaze batuketa izugarri bat dugu eskuartean: Zenbat hildako? Zenbat torturatu? Zenbat atxilotu? Zenbat mehatxatu? Zenbat bahitu? Zenbat oinaze?

Gazte batek, ia neska koskor batek, Nawalek, semetxo bat ekarri du mundura, gerra eta ezinikusiaz betetako gizarte batean (kasu honetan Libano). Jaio bezain laster kendu egin diote umea eta Nawalek ez du etsiko harik eta aurkitzen duen arte. Testuingurua hauxe da: Libanoko Gerran (1982), kristau jatorriko milizianoek 2.000 errefuxiatu palestinar inguru erail zituzten bortizki. Kfar Rayat umezurtz-etxean hasiko du bilaketa Nawalek eta –hau da azpimarratu nahi dudana– honela mintzatuko zaio hango medikua:

Duela bi egun, errefuxiatu-esparrutik kanpora irtetera ausartu ziren hiru errefuxiatu nerabe urkatu zituzten milizianoek. Zergatik urkatu zituzten milizianoek hiru nerabeak? Errefuxiatu-esparruko bi lagunek Kfar Samira herriko neska bat bortxatu eta erail zutelako. Eta zergatik bortxatu zuten bi lagun horiek neska hura? Milizianoek errefuxiatu familia bat harrikatu zutelako. Zergatik harrikatu zuten errefuxiatu familia hura? Errefuxiatuek etxe bat erre zutelako muino aldean. Zergatik erre zuten errefuxiatuek etxea? Milizianoei mendekua hartzeagatik, milizianoek errefuxiatuek egindako ur putzua apurtu zutelako. Eta zergatik apurtu zuten putzua milizianoek? Errefuxiatuek ibai ondoko uzta erre egin zutelako. Eta zergatik erre zuten uzta? Egia esan, bada arrazoiren bat, baina nire oroimena hor geratzen da, ezin dut gehiago atzera egin, baina istorioak oraindik denbora askoan egin dezake atzera, hariz hari, haserretik haserrera, penatik tristeziara, bortxaketatik erailketara, munduaren hasiera arte.

Gero, Nawalek bere lagun Sawdari esaten dio: Emakume honen oinazea, zure oinazea, nirea, gau honetan hil diren denena ez da jada eskandalua, baizik-eta batuketa bat, kalkulatu ezin dugun batuketa izugarri bat. Eta Sawdak galdetzen dio Nawali: Orduan zer egingo dugu? Zer egin? Besoak gurutzatuta geratu, itxoin? Esan, hauek guztiak gizaki basati batzuen istorioak direla eta guri ez dagozkigula?

Nawalek erantzuten dio: Zuk mendekua hartzea nahi duzu, etxeak erretzea, beraiei sentiaraztea zuk sentitzen duzuna, horrela uler dezaten, alda daitezen, hori egin zuten gizonak alda daitezen. Zigortu egin nahi dituzu uler dezaten. Baina inozoen arteko joko honek oinazea eta ergelkeria ditu sustrai, eta horrek itsutu egiten zaitu. Eta Sawdak berriro galdetzen dio: Eta orduan ez dugu ezer egingo, hori al da?

Zaila da erantzuna. Emango dio, hala ere, azkenean, erantzuna Nawalek Sawdari baina hartuko duen jarreraren ondorioz, isilik geratzea erabakiko du hil arte, inorekin hitzik egin gabe.

Kontua da Incendiosek hain bikain irudikatzen duen indarkeria giro horrek oinaze batuketa izugarri bat eragin digula gure Euskal Herri koitadu honetan ere. Gure herrian sufritu duten guztiak, baina bereziki, beren biziarekin ordaindu behar izan zutenak izan nahi nituzke hemen gogoan: Felipe Suárez Delgado, Zeferino Peña Zubia, Juan Sanchez Sierro, Xabin Etxaide Ibarguren eta Joxemari Korta Uranga.

Urte askotan, nire poltsikoan eraman dudan Amoz Oz idazlearen esaldi bat dut gogoan: Askoz hobe da negar egitea gauzatu gabeko amets batengatik, lortu gabeko ‘iragan loriatsu’ batengatik, edo galdutako etxe batengatik, gero eta hildako gehiagorengatik negar egitea baino.

Incendios:

Antzezlana. Zuzendaria: Mario Gas. Victoria Eugenia antzokia (Donostia), azaroaren 11n eta 12an.

Liburua. Egilea: Wajdi Mouawad. KRK argitaletxea, Oviedo, 2011

Argazkia: ETB2, “Sesenta minutos” (2013-12-02). Guardia Zibila Juan Sanchez hilda zegoen lekura iritsi zenean, bere txakurra ikusi omen zuten, gorpuaren ondoan, haren zauriak miazkatzen eta inori ez omen zion hurbiltzen uzten. https://www.youtube.com/watch?time_continue=238&v=SdkKRceyxFU

* * *

ZESTOAN IZANDAKO BIZITZEKO ESKUBIDEAREN AURKAKO URRAKETAK (1960-2010). Iturria: Eusko Jaurlaritza. 2015eko uztaila.

ETAm eta ETAk bizitzeko eskubidearen aurka egindako urraketak

Ceferino Peña Zubia

Data: 1980/05/16.

Adina: 30 urte.

Non jaioa: Arroa (Zestoa, Gipuzkoa).

Seme-alabak: Alaba bat.

Lanbidea, kargua, bestelakoak: Arroako karrozeria-tailer baten jabea.

Egilea: ETAm.

Heriotza-lekua: Arroako tailerra, bezero bati kasu egiten ari zela.

Prozedura: Su-armaz egindako atentatua.

Datu gehigarriak: ETAk “hutsegitea” izan zela adierazi zuen, helburuz nahasi zela.

Juan Sánchez Sierro

Data: 1984/11/08.

Adina: 39 urte.

Non jaioa: Guadramino (Salamanca).

Bizilekua: Zestoa (Gipuzkoa).

Seme-alabak: Alaba bat.

Lanbidea, kargua, bestelakoak: Argiketaria. Epaitegiko idazkari ohiaren semea. Hark ere zazpi urte lehenago atentatu bat jasan eta Zestoatik alde egin zuen.

Egilea: ETA.

Heriotza-lekua: Bahitu, Zestoako harrobi batera eraman eta tiro jo zioten.

Prozedura: Bahiketa eta su-armen bidezko hilketa.

Datu gehigarriak: Komandoko kideek beren armekin apuntatuta bahitu zuten harrobira joateko autoaren jabea, Aizarnako bizilagun bat. Atentatua burutu eta libre utzi zuten.

Joxe Mari Korta Uranga

Data: 2000/08/08.

Adina: 57 urte.

Non jaioa: Arroa (Zestoa, Gipuzkoa).

Bizilekua: Zumaia (Gipuzkoa).

Seme-alabak: Hiru seme.

Lanbidea, kargua, bestelakoak: Enpresaburua. 1994tik aurrera, Gipuzkoako enpresaburuen elkarteko (ADEGI) presidentea. Zumaiako ikastolako kontseiluko presidente izandakoa.

Egilea: ETA.

Heriotza-lekua: Zumaiako Narrondo auzoa, bere autoarekin Korta S.A. enpresatik irtetzean.

Prozedura: Urrutitik aktibatutako bonba-autoa.

Datu gehigarriak: 2001eko abuztuan, hilketaren lehen urteurrenean sortu zen Joxe Mari Kortaren Bidetik Fundazioa. Bere alarguna da presidentea, Marian Zearreta.

GALek bizitzeko eskubidearen aurka egindako urraketak

Sabin Etxaide Ibarguren

Data: 1985/09/25.

Adina: 28 urte.

Non jaioa: Zestoa (Gipuzkoa).

Seme-alabak: Ez zuen seme-alabarik.

Lanbidea, kargua, bestelakoak: Zumarragako barnetegian bizi izandakoa, delineazioa ikasten. Bederatzi hilabete egin zituen preso Martutenen eta Sorian. Hasieran ETApm-ko militantea, eta 1976tik aurrera ETA-koa. Eskuin eskuko hatzak galdu zituen lan egiten zuen enpresan istripua izanda. 1981ean beste sumario bat ireki zioten eta ihes egin zuen.

Egilea: GAL.

Heriotza-lekua: Baiona Ttipiko Pannecau kaleko Monbar hoteleko taberna.

Prozedura: Su-armaz egindako atentatua.

Datu gehigarriak: Bertan hil ziren beste hiru errefuxiatu ere: Agustin Irazustabarrena Urruzola, Iñaki Asteasuinzarra Pagola eta Jose Mari Etxaniz Maiztegi. Atentatua egin eta hamar minutura atxilotu zituzten bi erasotzaileak. CESIDeko talde operatiboaren buru ohia eta CESIDeko zuzendari ohia auzipetu zituzten Espainian.

Segurtasun-indarrek bizitzeko eskubidearen aurka egindako urraketak

Felipe Suárez Delgado

Gertaeren data: 1976/04/10.

Heriotza-data: 1976/04/12.

Adina: 28 urte.

Non jaioa: León.

Bizilekua: Zestoa (Gipuzkoa).

Seme-alabak: Bi seme-alaba.

Lanbidea, kargua, bestelakoak: Zestoako Posta eta Telegrafoetako Bulegoko burua zen. Palentziako Herrera del Pisuergako bulegora aldatzea eskatu zuen, bai eta lortu ere, eta familia hara joanda zegoen.

Egilea: Guardia Zibila.

Heriotza-lekua: Ospitalean, Guardia Zibilak Zarautzen ustez jarritako kontrol batean tiroak jaso zituenetik bi egunera.

Prozedura: Su-armaz egindako tiroak.

Datu gehigarriak: Hildakoarekin batera SEAT 124an zihoan Federico Astilleros Ocaña zauritu egin zen. Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzaren 2008ko ekaineko Indarkeria politikoaren ondorioz izandako giza eskubideen urraketen biktimak txostenean aipatzen da. 1970etik 1982ra, 19 pertsona hil eta 31 zauritu ziren poliziaren tiroen ondorioz errepideetako kontroletan.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide