Albisteak

Kepa Iribarren “72 ordu” liburua aurkeztu du Erein argitaletxeak

Argazkia: Erein argitaletxea

Apirilean jakinarazi genuen Kepa Iribar liburu bat argitaratzekotan zela, eta atzo iritsi zitzaion ordua. Erein argitaletxearen Uzta Gorria sailean argitaratu da “72 ordu” liburua. Donostiako Udal Liburutegian, Inazio Mujika editorea alboan zuela, egin zuen aurkezpen ekitaldia.

Liburua idazteko abentura “gustatu zaiola” azaldu zuen Iribarrek. Gustura gelditu da azken emaitzarekin eta irakurleen iritziak entzuteko gogoz dago orain. Nobela poliziakoa bada ere, odol askorik ez dagoela eta hildako pila bat agertzen den nobela horietakoa ere ez dela aurreratu zuen kazetariak.

2022ko irailaren 6an, Juan Sebastian Elkanok munduari bira eman ziola 500 urte betetzen diren egunean kokatzen da istorioa. Ospakizun handia antolatu da bere jaioterrian, Getarian. Inoizko Lehorreratze jai bereziena izango da. Baina hilketa mehatxu batek hankaz gora jarri du festa atariko lasaitasuna. Ordulariaren tik-tak hotsak segundo bat aletzen duen bakoitzean, atentatua hurbilago dago. 72 orduko erlojuaren aurkako bilaketa batean murgilduko da Ertzaintza, baita Aitor Letamendia detektibe pribatua, eta Idoia Urdaneta udaletxeko zinegotzia ere.

Aurkezpenaren amaiera, Inazio Mujikak bigarren liburu bat idatziko al duen galdetuta, Iribarrek ez zuen baieztatu ezer, baina ezezkorik ere ez zuen eman. Erein argitaletxean webgunean liburuaren zati bat  irakur daiteke, eta erosteko aukera ere badago.

Aurkezpeneko bideoa:




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide