Albisteak

Kilometroen banaketa egingo da biharko Korrika Batzordean

Ostegunean abiatuko da 21. Korrika Garestik eta hilaren 14an bukatuko da Gasteizen. Datorren asteko ostiralean, apirilaren 12an pasako da Zestoatik eta, hori dela eta, bihar egingo da azken Korrika Batzordea, kilometroa erosi duten eragileen artean zozketa egiteko. Bilera Kultur Etxean izango da, arratsaldeko 19:00etan.

Herriko hogeita bost eragilek eman dute izena Korrikan eta horiek egingo dute ibilbidea hilaren 14an. Bilera egin ondoren, aste honetan emango du Zestoako AEK euskaltegiak banaketaren berri, webgune honetan daukan komunitatean.

Ibilbidea

Apirilaren 12an 10:35ean iritsiko da 21. Korrika Zestoara. Azpeititik iritsiko da eta Lasaon hartuko dute zestoarrok lekukoa. Zestoara Arozena hotelaren ondoan sartuko da eta Gesalaga kalearen zati bat eta Gurutze kalea zeharkatuz errepide nagusira aterako da berriro. Handik Iraetara joango da, eta errepidean jarraituz, Narrondon emango zaie lekukoa zumaiarrei.

Behin lasterketa pasatakoan, hamaiketakoa egongo da Portale Kultur Elkartearen eskutik, Portalen bertan eta, egunari amaiera emateko, bertso-afaria izango da Zestoako Gaztetxean. Afarirako txartelak salgai daude dagoeneko Zestoako AEK euskaltegian (Kultur Etxeko bulegoan), Koiote tabernan eta Portale tabernan.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide