Albisteak

Kiroldegiko araudia eguneratu du Udalak

Udalak kiroldegiko araudia eguneratu du, hainbat puntu gaur egungo erabileretara eta beharretara egokitzeko helburuarekin. Aldaketen artean, instalazioen erabilerari eta arau-hausteen zigorrari lotutako neurriak daude.

Aurrerantzean ere, herriko kirol elkarteek edo bestelako taldeek erabiltzen ez dituzten ordutegietan, kirol azpiegiturak erabiltzeko aukera izango dute herritarrek, orain arte bezala. Araudiaren eguneraketan, ordea, erreserba egiten duten elkarteek zein norbanakoek erreserba egiteagatik dagokion tasa ordaindu beharko dutela jaso da, bazkide izan ala ez. Hala ere, unean bertan instalaziora joan eta azpiegitura libre badago, erreserbarik egin gabe erabili ahal izango da, tasarik ordaindu gabe.

Bazkide txartelen erabilera okerrari lotutako neurriak ere egokitu dituzte. Beste pertsona baten txartela erabiliz kiroldegira sartzea ez da hutsegite oso larritzat hartuko hemendik aurrera, hutsegite larritzat baizik. Horren ondorioz, zigorrak ere arindu egin dituzte.

Lehen, jokabide horrek sei hilabetez udal eraikin publikoetara sartzeko debekua ekar zezakeen. Araudi berriarekin, lehen arau-haustearen kasuan, hilabete batez kiroldegiko txartela erabiltzeko eskubidea etengo zaio erabiltzaileari. Dena den, epe horretan ere instalazioetara sartzeko aukera izango du, eguneko sarrera arrunta ordainduta.

Aldaketa horiek guztiak, maiatzaren 28an, egin zen udaleko osoko bilkuran onartu zituzten.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide