Albisteak

Maiatzeko udalbatzarrean aurrekontu aldaketa eta beste hainbat gai onartu zituzten aho batez

Maiatzaren 28an egin zen Zestoako Udalaren ohiko osoko bilkuran, 2026ko aurrekontuaren lehen kreditu aldaketa onartu zuten aho batez EH Bilduren eta EAJren ordezkariek. Guztira, 185.000 euroko aldaketa izango da, eta udalaren hainbat behar eta proiektu finantzatzeko erabiliko dute.

Alkatearen esanetan, Udalak Plan Ekonomiko Finantzarioa indarrean duenez, aurten bi aurrekontu aldaketa baino ez ditu egingo. Egoera horrek hainbat baldintza betetzera behartzen du Udala: aurrekontu defizitik ez izatea, aurreko urteko aurrekontuaren azken zenbatekoa ez gainditzea eta zorpetze maila %70etik beherakoa mantentzea. Arregik azaldu zuenez, onartutako aldaketek ez dituzte baldintza horiek arriskuan jartzen, eta udalaren egoera finantzarioa “egonkorra” izaten jarraitzen du.

Onartutako aldaketaren barruan, partida handiena herriko plazaren berrikuntzaren azken fasera bideratuko dute. Horretarako, 40.000 euroko partida gehitu dute, eta udal gobernuaren aurreikuspenen arabera, falta diren lanak urte amaierarako amaituta egon litezke.

Bestalde, 19.500 euro gehitu dituzte pertsonal gastuetara, lehiaketa-oposizio baten ondorioz lanpostua galdu duen udal langile bati kalte-ordaina emateko. Uraren kudeaketa sistema aldatu denez, udalak bere kontsumoaren faktura Kontsortzioari ordaindu beharko dio hemendik aurrera, eta horretarako 8.000 euroko gehikuntza egin dute.

Herri Hezitzailearen barruan aurkeztu berri den Amets Sarea egitasmoari 15.000 euro gehiago bideratuko dizkiote, aurretik aurreikusita zeuden 12.000 euroei gehituta. Era berean, larrialdi klimatikoari aurre egiteko eskualde mailako lanketarako 5.000 euroko gehikuntza onartu dute.

Asfaltoaren prezioaren igoeraren ondorioz, asfaltatze lanetarako aurreikusitako partidari 15.000 euro gehiago gehitu dizkiote. Bestalde, landa lurrak erosteko programan ere indarra jarri nahi du Udalak: hasieran aurreikusitako 5.000 euroei beste 5.000 gehitu dizkiote, eta datozen asteetan deialdi publikoa egitea aurreikusten dute.

Alkateak, Mikel Arregik azaldu zuenez, aldaketa hau egiteko ez dute udalaren gerakina erabiliko. Horren ordez, martxan jartzeke dagoen etxebizitza sustapen berri bati lotutako diru sarrerak erabiliko dituzte, Zubimusukoak. Sustapen horretatik eta hari lotutako zergen bidez, Udalak 185.000 euro jasoko ditu.

Aldaketa horiek txertatu ondoren, 2026ko udal aurrekontuaren zenbateko orokorra 7.186.231,17 eurokoa da.

EAJren galderak eta eskaerak

Galde-erreguen txandan, EAJko zinegotzi Garikoitz Mendizabalek hainbat gairen inguruko azalpenak eskatu zizkion udal gobernuari. Besteak beste, kultur etxeko obren egoeraz galdetu zuen, eta alkateak erantzun zion obra horretarako ez dela diru-partidarik aurreikusi oraingo kreditu aldaketan. Aurreikuspenen arabera, datorren urteko aurrekontuetan sartuko da gastu hori, eta 2027ko urtarrilean abiatuko dira lanak.

Horrez gain, urte hasieran EAJk aurrekontuen negoziazioetan egindako eskaeren egoeraren berri ere eskatu zuen. Alkatearen arabera, Iraetako futbol zelaiaren argiteria proiektua esleituta dago eta uda aurretik gauzatzea espero dute.

Iraetako eta Txiribogako autobus geltokien inguruan ere galdetu zuen Mendizabalek. Udal gobernuak azaldu zuen hainbat baldintza tekniko eta administratibo bete behar direla geltoki horiek jartzeko eta ez duela konponbide erraza. Mendizabalek, hala ere, eskaerak egiteko eskatu zien.

Merkataritza eta ekintzailetza sustatzeko aurreikusitako diru sailen inguruko azalpenak ere eskatu zituen EAJko ordezkariak, baita Ibañarrietako edukiontzien egoeraz, Arroagoian aparkaleku berriak sortzeko aukeraz eta Txiribogan dagoen zabortegi baten inguruan ere. Arroagoiko argiteria hobetzeko eskaria, berriz, gauzatzear dagoela adierazi zuen udal gobernuak, onartutako kreditu aldaketan horretarako 10.000 euroko partida jasota baitago.

Udal batzarrean landutako beste gaiak

Batetik, kiroldegiko araudiaren eguneraketa onartu zuten osoko bilkuran. Aldaketen artean, kirol instalazioen erabilera arautzeko hainbat neurri jaso dituzte, baita bazkide txartelen erabilera desegokiari lotutako zigor araubidearen eguneraketa ere.

Bestalde, Aitor Salegi Martijak EH Bilduren zinegotzi kargua hartu zuen, Jone Exposito Alberdik utzitako hutsunea betez. Salegi aurreko legealdian ere udal zinegotzi izan zen, eta oraingoan Kultura, Euskara, Kirola, Kulturartekotasuna eta Jaiak batzordeko kide izango da. Horrez gain, bilkuran bertan izendatu zuten Zestoak UEMAn izango duen hirugarren kide titular gisa. Mikel Arregi alkatea eta Garikoitz Mendizabal zinegotzia dira erakunde horretan udalaren beste bi ordezkari titularrak.

Azkenik, 2026an betetzen diren bi efemerideren harira aurkeztutako mozioa ere aho batez onartu zuten: Euskal Autonomia Erkidegoko foruen abolizioaren 150. urteurrena eta Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrena. Horren harira, Mikel Arregi alkateak iragarri zuen uztailaren 19an ekitaldi politiko-instituzionala egingo dela Bergaran, bi urteurren horiek gogoratzeko.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide