Albisteak

Kiroldegiko estalki berria egiteko lanak esleitu dituzte

Zestoako Udalak esleitu ditu kiroldegiko estalki berria egiteko lanak. Lehen lizitazio fasean hutsik gelditu zen lehiaketa eta Udalak bigarren fasea jarri zuen martxan. Bi enpresa aurkeztu dira lehiaketara, Artzamendi SA eta eta PROVISER IBERICA SLU eta IDENORT PV SLA-ren arteko Aldi Baterako Enpresa, eta Udalak bigarrengoari esleitu dizkio lanak.

Erakundeak 1.274.843,25 eurotako aurrekontuarekin atera zuen obra lehiaketara, eta esleipena %7,02ko beherapenarekin eman da. Enpresak, beraz, 1.160.220 eurotako aurrekontua izango du lanak egiteko, eta lanek bost hilabete inguruko iraupena izatea aurreikusten da.

Proiektua kiroldegiko pilotalekuaren amiantozko teilatua eta ondoko estalpea desmuntatu, eta egurrezko habeen gainean oinarrituko den hegal bateko estalpea egitean datza. Estalpe berriaren azalera eguzki plakak jartzeko baliatuko dute, eta bertan ekoiztutako energiaren zati bat sortzear den energia komunitateari zesioan uztea aztertuko du Udalak.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide