Apirila 2026
— 2026-05-04Irakurri 281. zenbakia hemen.

Atzo arratsaldean, “Urola erdia ispiluaren aurrean” egitasmoaren baitan, klima eta energia krisiaren inguruko hitzaldia eta parte hartze saioa egin zituzten Alonderon. Saioan, lehenik, egindako sentsibilizazio kanpainaren berri eman zuten antolatzaileek, eta ondoren, “inspiragarriak” izango zirelakoan, bi adituren hitzaldiak eskaini zituzten.
Lehen hizlaria Arturo Elosegi ekologian aditua izan zen. Klima aldaketaren aurrean zer datorkigun eta zer egin daitekeen azaldu zuen, eta ozen adierazi zuen ezin dugula erregai fosil gehiago erretzen jarraitu. Bere asmoa inor ez epaitzea zela azpimarratu zuen, bera ere autoz joana baitzen hitzaldira, baina autoa partekatzeko hautua egin zuela nabarmendu zuen, norbanakoen erabakiek ere badutela garrantzia azalduz. Era berean, krisi klimatikoari aurre egiteko erantzuna ez dela zientifikoa, politikoa dela nabarmendu zuen.
Ondoren, Eluyharreko Aitziber Agirrek hartu zuen hitza. Egoeraren larritasuna azaltzeko metafora bat erabili zuen: urte batetik bestera tenperatura gradu bat igotzea ez dela larria dirudi askotan, baina logika hori gorputzari aplikatuz gero, 36 gradutik 37ra, gero 38ra eta 41era iritsita, gure organoek gaizki funtzionatuko lukete. Planetarekin hori gertatzen ari dela azaldu zuen. Jarraian, Zestoako eta eskualdeko hainbat datu aurkeztu zituen, egoeraren larritasuna bertaratutakoei gertutik erakusteko.
Bi hitzaldien ondoren, parte hartze saioari ekin zioten. Bertaratutakoei, aipatutako krisiari aurre egiteko arloka banatutako lan ildo zerrendak eman zizkieten, eta taldeka, hiru lehentasun aukeratu eta horien inguruan eztabaidatzeko aukera izan zuten. Jasotako ekarpenak gorde egingo dituzte, eskualde mailan herritarrek zein lan ildori heldu nahi dioten ezagutzeko eta parte hartzea sustatzeko helburuarekin. Saioa mokadu baten bueltan amaitu zuten.