Apirila 2026
— 2026-05-04Irakurri 281. zenbakia hemen.

Atzo amaitu zen Euskara Foroak eta Zestoako Udalak elkarlanean antolatutako Euskararen Loraila egitasmoa, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen (UEMA) Esnatu kanpainaren aurkezpenarekin. Maiatzean zehar euskarak protagonismo berezia izan du Zestoan, eta azken hitzordu honetan, hain zuzen, euskararen egungo egoera eta bilakaera izan zituzten hizpide.
Ale Goikoetxea UEMAko teknikariak gidatutako saioak bi atal izan zituen. Lehenik, Hego Euskal Herriko eta Zestoako euskararen egoeraren inguruko datuak azaldu zituen. Ondoren, UEMAk aurkeztutako Lurralde Estrategia euskararentzat proposamenaz eta martxan jarri duen Esnatu egitasmoaz jardun zuen.
Goikoetxeak azaldu zuenez, Siadeco Ikerketa Elkarteak egindako ikerkuntzaren arabera, litekeena da Hego Euskal Herrian euskararen “arnasguneak” deiturikoak desagertzea, eta, beraz, eguneroko jarduna nagusiki euskaraz izaten den eremu horiek gutxitzen joatea, ia desagertzeraino. Zestoako datuei dagokienez, UEMAk egindako Kuaderno Demolinguistikoan oinarrituta, azaldu zuen etxean zestoarren %70,8k erabiltzen dutela euskara, eta kale erabilera %75,8koa dela. Hala, zestoarrak Hego Euskal Herriko biztanleen %98,4 baino ingurune euskaldunago batean bizi dira. Dena den, ikerketaren arabera, egungo joerak bere horretan jarraituz gero, etxeko euskararen erabilera %70etik %21era jaitsiko litzateke herrian hemendik hamar urtetara. Ondorioz, Zestoak arnasgune izateari utziko lioke.
Gaitasunari dagokionez, zestoarren %55,3 euskal elebidunak dira, hau da, euskaraz erdaraz baino errazago moldatzen direnak. Hego Euskal Herrian, aldiz, kopuru hori %8koa da. Datuak Zestoan beste hainbat gunetakoak baino hobeak badira ere, bilakaera “kezkagarria” dela azpimarratu zuen teknikariak.
Goikoetxeak azaldu zuenez, “arnasguneak galtzeak hizkuntza gutxituen biziraupenerako funtsezko diren espazioak galtzea” ekarriko luke. Hori, egoerari aurre egiteko neurririk hartu ezean gertatuko litzateke. Haur eta gazteen artean ere atzerapausoak sumatzen ari direla nabarmendu zuen: ezagutza maila handitu bada ere, eskolan euskara ikasten delako, erabilerak beheranzko joera du.
Otsailean aurkeztu zuen UEMAk Lurralde Estrategia euskararentzat proposamena, hizkuntza politikari beste norabide bat eman nahian. Estrategia horren bidez, lege proposamen bat garatzeko adostasunak bilatzen ari da UEMA, baina, bitartean, urgentziaz hartu beharreko neurriak ere mahai gainean jarri ditu.
Goikoetxeak azaldu zuenez, egunerokoan euskara nagusi den espazioak sendotzea ezinbestekoa da. “60ko hamarkadatik gaur egunera arte aurrerapauso handiak eman dira ezagutzan eta arlo formalean, baita erakundeetan ere. Hala ere, eremu euskaldunak sendotzea eta mantentzea ez da lehentasun izan, eta horren ondorioak gaur egun nabariak dira” dio.
Lurralde Estrategia euskararentzat proposamenaren helburua da arnasguneen eta lurgune euskaldunen gainbehera iraultzea eta horiek indartzea. Era berean, hizkuntza politika lurralde ikuspegitik planifikatzeak euskararen indarberritze prozesua azkartu eta eraginkorrago bihur dezakeela uste du UEMAk. Horretarako, hizkuntza politika garatzeko oinarrizko bost irizpide proposatu dituzte, eta horien berri ere eman zuen saioan.
Bestalde, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak udaberrian martxan jarritako Esnatu ekimena ere aurkeztu zuen. Egitasmoaren helburua da era guztietako eragileak ahalduntzea eta eremu euskaldunek bizirik iraun dezaten konpromisoak sustatzea. Zestoako eragileei ere konpromiso horiek hartzeko gonbita egin zieten. Horretarako aukera UEMAren webgunean dago eskuragarri.
Hitzordua amaitzeko, bertaratuek euren ekarpenak eta hausnarketak partekatzeko aukera izan zuten.