Albisteak

Kobaz Koba Trail lasterketaren VI. edizioa aurkeztu dute

Egoerak baldintzatua izango den arren, beste urtetako festa usainik gabe, baina, antolatzeko moduan dira aurten mendi lasterketa eta gustura agertu dira antolatzaileak

Kobaz Koba Trailen VI. edizioa aurkeztu da gaur goizean. Iaz azken momentura arte itxoin bazen ere, ez zen posible izan ekimena aurrera ateratzea, baina, aurten baldintza aldetik mugatua izango den arren, otsailaren 13an izango da mendi lasterketa. Arazi IKT eta Agiro Mendi klubak antolatuko dute urtero bezala Zestoako Udalaren laguntzarekin. Antolatzaileek argi utzi dute, beste urtetan, bertako nahiz kanpotik datozenentzat, festa aitzakia izaten den arren, aurten helburu hori apaldu egin behar izan dutela, segurtasun neurriak eta egoera kontutan hartuta.

Juanjo Aranburu Arazi IKTko zuzendariak eskerrak eman dizkie antolatzaileei; alde batetik Udalari, ematen duen laguntzagatik eta baita Agiro Mendi klubari eta borondatezko taldeari ere: “Guztira 100 lagun inguru ibiltzen dira egun honetan antolakuntza lanetan, eta benetan eskertzekoa da egiten duten lana; bideak egokitzen, ibilbideko landa lurren jabeekin harremanetan, seiehun parte hartzaileentzat otorduak eta anoak prestatzen”.  Mikel Arregi alkateak, ekimenak duen arrakasta aitortzeaz gain, herritarren borondatezko lana azpimarratu du: “Eredugarri horrek egiten du ekitaldi hau; herritarren parte hartzeak, bai lasterketan bertan, eta baita antolakuntza lanetan ere. Horrek erakusten du herrian ondo txertatua dagoen ekimena dela”.

Ibilbidearen gaineko xehetasuna

Mikel Irure Agiro Mendi Klubeko kideak eman ditu xehetasunak. 26 Kmko Zaldei ibilbidea egin behar dutenek 9:00etan izango dute irteera ordua. Ibilbidea aurreko edizioetako oso berdintsua izango da, baina bukaeran, 200 metro inguruko hobekuntza egin zaio aurten korrikalariak errazago helmugaratu daitezen. Ibilbide luzekoek bost anoa puntu izango dituzte; 6,5 eta 13,5 kilometroetan, Zestoan bertan, 17. kilometroan eta azkena, Endoian, ibilbide amaitzeko hiru kilometro inguru falta zaizkiela. Artzei, 15 Kmko ibilbidea egin behar dutenek, 45 minutu beranduago aterako dira, 9:45ean alegia. Hauek bi anoa izango dituzte 5. eta 11. kilometroetan. Bi ibilbideak ondo seinaleztatuta egongo direla jakinarazi du Irurek eta bost kilometrotik behin marka batzuk ere jarriko dituztela.

Guztira 622 dortsal banatuko dira, hauetatik 110 emakumezkoak izango dira (aurreko edizioan baino 22 gehiago) eta 53 zestoar izango dira korrikalarien artean; 30 ibilbide laburrean eta 23 luzean, hauek ere, aurreko urtean baino 14 gehiago izango dira.

Segurtasun neurriak

Aurtengo egoerak hala aginduta, festa herritik ateratzeaz gain, maskararen erabilera arautu dute antolatzaileek. Ondorioz, lasterketaren lehen kilometroko irteera neutralizatuan eta helmuga gurutzatutakoan, lasterkariek maskara jantzita eraman beharko dute. Lasterketari berari eman nahi izan zaio garrantzia eta ez da publikoan sari banaketarik egingo jende pilaketa ekidin asmoz.

 

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide