Albisteak

Kobaz koba Trail otsailaren 18an izango dela iragarri dute

Zestoako udalaren laguntzarekin Kobaz Koba Trail mendi lasterketa antolatzen duten Arazi IKT eta Agiro Mendi klubak jakinarazi dute noiz izango den datorren urteko Kobaz koba Trail lasterketa, otsailaren 18an, hain zuen ere.

Urtez urte geroz eta izen handiagoa hartzen ari den lasterketarako izen-emateak azaroan zehar zabalduko dituzte. Parte-hartzaileen kopurua mugatua denez, antolatzaileek interesa dutenei lehenbailehen izena emateko deia egin diete, aurreko edizioetan berehala bete baitziren zerrendak. Artzei (15km) ibilbiderako 300 parte-hartzaile eta Zaldei (25km) ibilbiderako beste horrenbeste izatea aurreikusten dute 2024ko edizioan ere.

Aurreko urteetan bezala, herriko hainbat koben zehar egingo dute itzulia: Ekain, Danbolinzulo, Astigarraga, Amalda, Praileaitz, AstuigaƱa, Erraila, Urtiaga, Ermitia eta Erlaitz. Irikaitzeko aztarnategia eta Arluze monolitotik ere pasako dira.

Antolakuntzak eskerrak eman nahi dizkie, alde batetik, ibilbide hau posible egiteko lankidetza eskaintzen duten lur jabeei eta korrikalariei dei egiten diete nekazarien jarduera errespeta dezaten. Bestalde, lasterketan laguntzen duten boluntarioei ere eskerrak eman nahi izan dizkiete aldez aurretik.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide