Albisteak

Koben Eguna ospatzeko Ekainberriko sarrerak erdira jaitsiko dituzte larunbatean

Ekainberrik bat egingo du aurten ere Lurpea elkarteak antolatutako Koben Egunarekin, eta hori ospatzeko, martxoaren 14rako sarrerak %50eko deskontuarekin erosi ahal izango dira. Egun horretako bisitetarako erreserbak dagoeneko egin daitezke Ekainberriren webgunean, eta beherapena lortzeko LURPEA kodea erabili beharko da.

Ospakizunaren harira, eguneko bisiten artean bi saio berezi antolatu dituzte: 12:00etan euskaraz eta 17:00etan gaztelaniaz. Bisita horietan, Ekainberriko erreplikako argiak itzali egingo dituzte, eta parte-hartzaileek duela 14.000 urte Ekaingo margoak egin zituzten gizakien esperientziara hurbiltzeko aukera izango dute. Kaskoan eramango duten argiaren laguntzaz, kobazuloko margoak aurkitu beharko dituzte, ordubeteko bisita gidatuan.

Esperientzia osatu nahi dutenek, gainera, Historiaurreko Esperientzia Osoa egiteko aukera ere izango dute. Jarduera horretan, historiaurreko biziraupen teknikak ezagutuko dituzte bisitariek: sua egiten, margotzen eta ehizatzen ikasteko saioak eskainiko dituzte.

Lurpea elkartea 2008an sortu zuten, Euskal Herriko zortzi kobazulo elkartzeko asmoz. Gipuzkoan daude Arrikrutz eta Ekainberri; Bizkaian, Pozalagua; Nafarroan, Mendukilo, Zugarramurdi eta Urdazubi; Behe Nafarroan, Isturitz eta Otxozelaia; eta Lapurdin, Sara. Aurtengo Koben Eguna martxoaren 14an eta 15ean ospatuko dute Hegoaldean, eta martxoaren 21ean eta 22an Iparraldean.

Bestalde, Koben Egunetan parte hartzen duten bisitarien artean hainbat zozketa egingo dituzte. Besteak beste, kobazulo guztiak bisitatzeko bonoak, koba bakoitzeko produktuekin osatutako otar bat eta Izarpe kanpinean gaualdi bat gosariarekin eskuratzeko aukera izango da.

Sarrerak eta informazio gehiago eskuratzeko, www.ekainberri.eus eta www.lurpea.eus webguneetara jo daiteke.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide