Albisteak
Koldo Intxausti: “Eliza Santa Kutzak eta uda bitartean zabaltzea aurreikusten dut”
— 2018-10-31Ia urte bete da txismista batek elizako kanpandorrea jo eta zati bat apurtu zenetik. Sakristian zegoen argien koadroak su hartu zuen, kanpandorreko kanpaia jotzeko sistema koadroarekin konektatuta baitzegoen eta eliza argirik gabe gelditu zen.
Joan den urteko abendu erdi aldean hasi zituzten konpontze lanak. Orain, kupula berria egiten ari dira. Hau egiteko, lehendik osorik gelditu ziren harri gutxi batzuk erabiliko dituzte baina gainontzeko guztiak berriak izango dira, Lasturko harrobiko harriak hain zuzen ere. “Orioko enpresa batek du kupula berria egiteko ardura. Lehenengo han muntatuko dute eta behin ondo dagoela ikusita, piezaz pieza herrira ekarri eta kanpandorrean jarriko dute, puzzle baten moduan” azaldu du Koldo Intxausti parrokoak. Bestalde, Iker Gabilondo errementaria dabil kanpandorreko kobre eta burdinazko piezak konpontzeko lanetan.
Intxaustik azaldu du urtarrilean hasiko direla elizako argiteria konpontzen. “Gero, margotu eta erretaula garbitu behar da. Eliza Santa Kutzak eta uda artean zabaltzea aurreikusten dut.
Meza bereziak
Santu Guztien Eguna dela eta meza bereziak izango dira datozen egunetan. Gaur, asteazkena bezperako meza egingo dute arratsaldeko 19:00etan. Bihar, berriz, eguerdiko 12:00etan izango da eta azaroaren 2an, Arimaren eguna delakoa ospatuko dute eta arratsaldeko 19:00etan izango dute hitzordua. Orain arte bezala San Juango Milagrosa kaperan ospatuko dira.
Egin zaitez bazkide